(argazkia: Durangoko Azoka)

Abenduaren 5ean egingo da DA! PRO, sortzaileentzako topagune profesionala, Durangon

Izena emateko epea irekita dago sortzaile eta profesionalentzat. Artistek azaroaren 10era arte izango dute epea, eta programatzaileen kasuan azaroaren 30era arte luzatuko da. Izen emateak www.durangokoazoka.eus webgunean egin beharko dira.

Laugarren urtez Durangoko Azokak DA! PRO sortzaile eta programatzaileen arteko topagune profesionala antolatuko du. Aurten egitasmo hau abenduaren 5ean antolatuko da, hau da, Azoka hasi baino bi egun lehenago, bi espazio ezberdinetan: Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan eta San Agustin Kulturgunean.

Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak adierazi duenez, DA! PRO mantentzeko apustua egin du Durangoko Azokak, estrategikoa baita Azokarako: “Orain dela lau urte hasitako bideari eutsi nahi izan diogu. Kulturaren plaza profesionalentzako topagunea izatea da gure helburua, etorkizunean proiektu berriak sortzea bultzatzeko”. Durangoko Azokarekin batera, proiektu honetan parte hartuko dute BBK-k, Musika Bulegoak, Bizenta Mogel bibliotekak eta Berbaro Elkarteak

Iaz bezala, arlo bi landuko ditu aurten DA! PRO egitasmoak: musika alde batetik eta familia ikuskizunak bestetik. Abenduaren 5ean izango dira topaketa biak, 09:00etatik aurrera: musikariak San Agustin Kulturgunean batuko dira eta familia ikuskizunak Bizenta Mogel Bibliotekan. Kasu bietan, sortzaileek programatzaile, teknikari eta bestelako profesionalen aurrean euren proiektua aurkezteko aukera izango dute, 10-15 minutuz. Horrela, programatzaileek bertatik bertara sortzaileak eta euren kultur proposamenak ezagutzeko aukera izango dute. Aurkezpenak euskaraz izango dira.

Izena emateko epea irekita dago sortzaile eta profesionalentzat. Artistek azaroaren 10era arte izango dute epea, eta programatzaileen kasuan azaroaren 30era arte luzatuko da. Izen emateak www.durangokoazoka.eus webgunean egin beharko dira.

Aurkezpenez gain, aurten DA! PRO egitasmoaren baitan katalogo bat sortuko da jasotako kultur proposamenekin (bai musikan bai familia ikuskizunetan). Katalogo hori programatzaile, teknikari eta bestelako profesionalen eskura jarriko da, urte osoan zehar kontratazioak egiteko aukera eskainiz.

Zabaldu: