(argazkia: Herri Soinu elkartea)

Abian da Hartzaro Festibala Uztaritzen

Inauteriak berpizteko asmotan egiten dute jaialdia Uztaritzen. Otsailaren 25era bitartean hainbat ekintza izango dira: musika, dantza eta antzerki emanaldiak, besteak beste.

Inauterien bereizgarri diren ohiko pertsonaiekin batera, Hartzaro jaialdia egiten ari dira otsailaren 25era arte, Uztaritzen. 1997an sortua, jaialdiak inauterien tradizioa sorkuntzarekin elkartzea izan du helburu hasieratik dantza, musika eta kantuaren bidez. 24. edizioa du aurtengo festibalak eta Herri Soinu elkarte antolatzailearen arabera, “Hartzarok negutik ateratzerat udaberrian sartzeko gomitatzen gaitu”.

Aurtengo jaialdirako musika sorkuntza aukeratu dute gai nagusi gisa, lau diskoren aurkezpenekin. Denetara 250 soinulari, antzerkilari eta dantzarik parte hartuko dute jaialdi osoan zehar antolatu diren ekimenetan. Horiekin batera, Uztaritzeko kaskarotek hainbat ateraldi egingo dituzte hilaren 16an, 23an eta 25ean.

“Oro har 500 artista amaturak eta profesionalak, taula gaineko eta karrikako sorkuntza loretegia direnak, hauek izanen dira euskal kultura baten esapidea, tradizio aberats batean indarrak hartzen dituena, orainari lotua dena eta fermuki geroari so egiten duena”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Hauek dira egitarauak jasotzen dituen ekimen eta partehartzaileetako batzuk: Itzaletik argira erakusketa, Zanpantzarren auzia, Izartxo dantza taldea, Zeze, kaskarotak, Habia taldea, Oldarra, mutxikoak, Uztaritzeko txistulariak, Tutak, Kli-k, Nat & Watson, Zea Mays, Aizkolariak, Leinua konpainia, Tio Teronen semeak, Bilaka…

Egitaraua eta informazioa hemen.

Zabaldu: