Adineko pertsonen gaitasuna sustatzeko asmoz, ‘Adin Adin’ bertso saioak martxan

Gipuzkoako adineko pertsonentzako saioak 16 egoitzetara helduko dira aurten

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean garatutako Adin-adin proiektuaren bosgarren edizioan, Gipuzkoako adineko pertsonentzako egoitzetara iritsiko dira bertso saioak, egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetu asmoz eta bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatuz. Aurtengo edizioan 16 saio burutuko dira guztira Gipuzkoako udalerri ezberdinetan, Azkoitiako San Jose egoitzan gaur hasi eta abenduaren 3ra bitartean. Egoitza bakoitzera bi bertsolari gerturatuko dira, ahal den guztietan eskualdekoak, bi belaunaldi ezberdinetakoak, eta gizonezko bat eta emakumezko bat.

Urtez urte proiektua haziz doa eta azken lau urteetako balorazio positiboak oinarri harturik, egitasmoa aurten bi erresidentzia gehiagotara iritsiko da. “Emozioetara iristen den tresna da bertsoa”, eta horregatik, bertso-saioak metodologia bereziarekin lantzen direla azaldu dute. Aurrez zahar etxeetako dinamizatzaile eta animatzaileek lanketa berezi bat egiten dute bertso zahar eta kantu herrikoien inguruan egoiliarrekin, horrela bertsolariak doazenerako parte-hartzea aktibatzeko.

Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza zahar etxeetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dagoela adierazi du Maite Peña diputatuak. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”, eta horrek sortzen duen “eragin positiboa” balioetsi du Peñak.

Bertso saioen egutegia

  1. Urriak 15. San Jose egoitza. 17:00. Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso
  2. Urriak 23. Uzturre egoitza. 17:00. Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso.
  3. San Juan egoitza. Urriak 24. 11:30. Amaia Agirre eta Sebastian Lizaso
  4. Urriak 29. Arangoiti egoitza. 17:00. Iñaki Murua eta German Urteaga.
  5. Azaroak 6. Mizpirualde egoitza. 17:00. Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña.
  6. Azaroak 6. Iturbide egoitza. 17:00 Maide Arregi eta Sebastian Lizaso
  7. Azaroak 7. Yurreamendi egoitza. 16:30. Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano.
  8. Azaroak 11. San Martin egoitza. 17:00. Juan Joxe Eizmendi “Loidisaletxe” eta Beñat Lizaso
  9. Azaroak 15. Txindoki egoitza. 17:00. German Urteaga eta Iñaki Murua.
  10. Petra Lekuona egoitza. Azaroak 19. 11:00. Exteban Martiarena eta Jon Martin
  11. Azaroak 20. Jesusen Bihotza egoitza. 17:30. Alaia Martin eta Andoni Egaña.
  12. Azaroak 21. Kabia/San Juan egoitza. 17:00. Maddalen Arzallus eta Jon Maia
  13. Azaroak 26. Puntapax eguneko zentroa. 10:30. Ane Labaka eta Anjel Mari Peñagarikano
  14. Azaroak 27. San Juan egoitza. 17:00. Maialen Akizu eta Andoni Egaña.
  15. Azaroak 28. Santikutz egoitza. 11:00. Maialen Akizu eta Iñaki Murua
  16. Abenduak 3. Zorroaga egoitza. 17:30 Ane Labaka eta Andoni Egaña.
Zabaldu: