(Argazkia: Ondarroako Udala)

Ondarroako Literatur Amuak jaialdia urriaren 25etik azaroaren 3ra

Aurtengo jaialdiak hamar ekintza, hainbat sortzaile eta ehunka parte hartzaile edukiko ditu.

Zortzigarren aldiz antolatu du Ondarroako Udalak Literatur Amuak, literatura, euskara eta ikus-entzunezko eduki kulturalak batuko dituen jaialdia. Aurtengoak hamar ekintza, hainbat sortzaile eta ehunka parte hartzaile edukiko ditu.

Adin guztietako herritarrentzako ekintzaren bat antolatzen ahalegindu dira antolatzaileak. Horrez gain, jaialdia herriko leku ezberdinetan ospatuko da: Kofradia Zaharrean, Beikozini aretoan eta Musika Eskolan. Jaialdiari hasiera herriko ikastetxeetako umeek eman zieten iragan ostiralean (urriak 11) Augustin Zubikarai VIII. ipuin rallyarekin. Herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatutako ekintza izan zen eta ikasle bakoitzak bi ordu eduki zituen ipuin bat idatzi eta paperean entregatzeko, momentuan bertan eman zieten esaldi bat txertatuta. Arantza Atxurra Aranguren Euskara zinegotziak nabarmendu duenez “oso garrantzitsua da herriko txikiek euren sormena euskaraz lantzea, eta horretarako bidea ematen du ipuin rally honek”.

Egitaraua, baina, urriaren 25etik azaroaren 3ra bitartean gauzatuko da. Lehenengo egunean, 19:30ean Kofradia Zaharrean Miren Amuriza idazle berriztarra egongo da, Liburuen Amuak egitasmoaren baitako lehen saioan. Izena ematen duten herritarrekin batera Basa bere azken liburuari buruz hitz egingo dute, Joxemari Urteagak gidatuta. Urriaren 30ean, asteazkena, Augustin Zubikarai idazle ondarrutarra gogoan hartuta literaturari zuzendutako eguna izango da. 18:00etan ipuin rallyko sari banaketa ekitaldia egingo da Kofradia Zaharrean. Ordu erdi beranduago nanoipuin lehiaketako sariak banatuko dira eta amaitzeko Augustin Zubikarai nobela bekarekin lotutako bi aurkezpen egongo dira. Lehenengo, Eneko Barberenak 2018ko nobela bekarekin idatzitako Afrikanerrak nobela aurkeztuko du, eta ondoren, aurtengo nobela bekaren irabazlea emango da ezagutzera. Barberenaren nobelaren aurkezpena egiteaz Joxemari Urteaga arduratuko da, eta aurtengo saridunaren berri emateaz, ostera, Xabier Mendiguren.

Literatur Amuek badaukate ikerketarako tartea ere eta horretaz arduratuko dira Kike Amonarriz eta Jon Fernandez kazetari ondarrutarra. Urriaren 31an, osteguna, Ondarroako gazteek sare sozialetan dituzten hizkuntza ohiturak emango dituzte ezagutzera. Ikerketa egin duen Jon Fernandezek eta bere tutore Kike Amonarrizek azalpenak emango dituzte ikerketan parte hartu duten herriko batxilergoko ikasleekin batera.

Zabaldu: