Herritar guztiek euskara doan ikasi ezin dutela salatzeko asmoz, Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa ere aurkeztu dute Irunen egin duten ekitaldian. Lehiaketan parte hartu nahi duenak administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonen egoeraren inguruko kontakizun laburra euskaraz osatu beharko du.
AEK-k Hizkuntzak mugarik gabe ekimena egin da Irunen, Korrika hasiko den hirian. Bertan, Paperezko bizitzak izeneko adierazpena irakurri du: “herritar orori bermatu behar zaio berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek ziurtatu behar dute eskubide hori, herritarrei ezagutza doan eskainiz”, irakurri du AEKren Artezkaritza Kontseiluko Aize Otañok. “Urtez urte ari da hazten eskubiderik gabe dauden pertsonen kopurua. Zoritxarrez, herritar horiek ezin dute euskara doan ikasi, hemen eta orain, paperik ez izateak beren izatea bera ere ukatzen baitu. Horren aurrean, guk lau haizetara aldarrikatu nahi dugu inor ez dela ilegala, eskubide guztiak, eskubide berberak, denontzat direla”, gogorarazi du Otañok.
Hala, AEK-k dei egin die Euskal Herriko administrazio nagusiei, eskubideen bideratzaile zein bermatzaile diren neurrian, eredu izan daitezen: “Bada unea neurriak hartzeko euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion. Izan ere, existitzen ez denak ezinezko du gainontzeko herritarroi zor zaiguna eskatzea”.
Honela bukatu du Otañok adierazpenaren irakurraldia: “Paperik gabe, ez gara, ez gaude. Baina hori ez da printzipio baliagarria euskararen komunitate zabala osatzen dugun herritarrontzat. Inor kanpoan utzi gabe, har dezagun dimentsio orotan eragiteko konpromisoa; herriaz Harro, herria batuta. Harro Herria”.
Halaber, Ane Elordi Korrikako arduradunak ekitaldi berean adierazi du euskararen komunitatea indartzeko “ezinbestekoa” dela heltzen direnak “besoak zabalik” hartzea, “haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da haien bidea samurtzeko erremintak ematea”.
Irungo Harrera Sareko kide Alaine Aranburuk ere hartu du parte Oiasso museoan izan den ekitaldian. Esan duenez, “euskarazko kultur eduki asko dago mugen eta arrazakeriaren bueltan, eta horietako batzuek Irungo Harrera Sarea zeharkatzen dute ere bai. Gaurko ekimen honek euskarri eta sortzaile horiei plazatxoa emateko oso aukera ona iruditu zaigu”.
AEK-Korrikak Irungo Harrera Sarearekin batera antolatutako Hizkuntzak mugarik gabe ekitaldiaren baitan entzun dira hitzok. Lehen saiakera film laburra ere ikusi dute bertaratu direnek; baita Amets Arzallusen bertsoez gozatu eta African Vibes dantza bikotearen saioa ikusi ere. Lehen saiakera zuzendu duen Natalia Berridik ere hitza hartu du. Guztia, xede argi bat jomugan: “administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonek, dauden tokian daudela, bertako hizkuntzak ikasteko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzea, eta haien egoerari ikusgarritasuna ematea”.
Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa
Ekitaldian bertan aurkeztu dute Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa ere, herritar guztiek euskara doan ikasi ezin dutela salatzeko asmoz. Hala, lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek euskaraz osatu beharko dute administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonen egoeraren inguruko kontakizun labur bat. Oinarriak AEKren eta Korrikaren webguneetan (hemen) kontsulta daitezke. Lanak jasotzeko azken eguna martxoaren 25a izango da, eta sari banaketa apirilean egingo da.