Euskal Herrian XVI. mende bukaerako lehen bildumetatik hasi eta oraintsura arteko errefrautegietako aleak aztertu ditu egileak, errefrauoi hamaikatxo azalpen zein hausnarketa erantsiz.
Adolfo Arejita euskaltzain osoaren Esaera goikoaz behera irauliak (Herri-literaturan errefrau-jorran)kaleratu du Euskaltzaindiak, Durangoko Azokaren atarian.
Liburuan (Lehen eta Orain bilduma), ehun errefrau hartzen dira aztergai; gainera, ehun esaera horiek oinarri dira era bateko eta besteko iruzkinak egiteko: Arejitak gogoeta egin du, errefrauoi hamaikatxo azalpen zein hausnarketa erantsiz. Honela, Euskal Herrian XVI. mende bukaerako lehen bildumetatik hasi (1596ko Refranes y sentencias eta Esteban Garibaikoaren bilketetatik) eta oraintsura arteko errefrautegietako aleak aztertu ditu.
Arejitak liburuaren aurkezpenean adierazi duenez, “herri baten ispilu dira errefrauak, kasu honetan, euskal gizartearen ispilu”. Gainera, aitortu du baliatu dela errefrauez “jende xeheari irakasteko zein den gure kultura, herri-jakintza”.
Egileak liburuak zer dakarren zehaztu du: “Atsotitz edo errefrau generoko edukia du liburu honek, beraz, saiakera generoko obra da. Bizkaia Irratian emandako bertsioen gainean landutako eta osatutako bertsio idatziak dira. Azkuek Euskalerriaren Yakintza izeneko hiru liburuki argitaratu zituen, eta hirugarrenean euskal errefrauen bilduma handia egin zuen. Nik bide horri eutsi nahi izan diot, herri-literaturaren iturri horrek emari ugari duenez, baita ere gaurko euskararentzat eta literatura modernoarentzat, errekurtso asko ematen baititu”.
Euskararen lurralde desberdinetako ehun errefrau bildu ditu Arejitak, eta, horrekin batera, esaera bakoitzaren azpian dagoen mezua ere azaldu nahi izan du, “errefrauak erabiltzen ditugulako ikasgairen bat transmititzeko. Zentzu honetan, hizkuntzaren egitura aberatsak dira esaera zaharrak, ohartarazi du egileak.
Hona hemen egileak liburuan bildu eta aztertutako atsotitz edo esaera zahar batzuk:
Alferra (Alperra beti nekean)
Artea eta sagar-arbola (Arteak ez du emango sagarrik)
Aurre-atzeak (Aurreak erakusten dau atzea zelan ibili)
Bilbao eta birao (Bilbao, han bere dongeak birao)
Dagoenean (Dagoanean dagoantxoa, ene-enetxoa!)
Errota, bolua, eihera (Errota on da dabileno, ez geldirik dagoeno)
Gatza eta zentzua (Gatza gatzontzian eta zentzuna auzoan)
Katua eta buztana (Gure katuak buztana luze; norbera legez besteak uste)
Odolkiak edo odolosteak (Odolkiak ordainetan)
Otsoa (Otsoa non aipa, han gerta!)
Pupua eta mantarra (Lauzuriren pupua eta laumarairen mantarra)
Suari putz (Bakoitzak bere suari putz)
Zorria eta txerria (Bertzeren buruko zorria dakusa eta ez bere lepoko txerria)