Zidorra ibilbide gisa du izena erakusketak eta Iruñeko Ziudadelako Bolborategian bisitatu ahal izango da abenduaren 10era arte.
Turrillas maisua, Pablo Antoñana, Pedro Salaberri, Barricada, Pedro Manterola, Aurora Beltran, Mariano Izeta, Juan Jose Aquerreta, Cesar Muñoz Sola edo Xabier Morras dira Zidorra ibilbide gisa erakusketaren protagonistetako batzuk. Erakusketa Adolfo Lacunza argazkilariak bere lan-ibilbide luzean zehar zuri-beltzean egindako 50 erretraturen bilduma bat da.
Argazkiak Ziudadelako Bolborategian paratu dituzte eta abenduaren 10era arte ikusgai egongo dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, “erakusketa azken hamarkadetako Nafarroako kulturan barnako ibilbide bat da, Lacunzaren beraren argazki-ibilbidearen eredu gisa ere balio duen atzera begirako bat, ikusgai dauden irudiak bere artxiboetan bilatu baititu”. Abeslariek, musikariek, artistek, pintoreek, eskultoreek, konpositoreek, idazleek eta antzerkiaren, zinemaren eta kazetaritzaren munduko pertsonek beren erretratua dute, bakarrik edo taldean. Beren kultura- eta lan-esparruetan erreferenteak diren pertsonak, Lacunzak erretratatu zituenak une eta garai jakin batean.
Lacunzaren lana bat-bateko argazki horien konposizioagatik, ikuspegiagatik, testuinguruarengatik, argiarengatik eta kalitate teknikoarengatik nabarmentzen da.
Erakusketaren katalogoan, argazkilariak egindako argazki gehienek “aztarna intimoa” utzi diotela aitortu du, batez ere Kulturako jendearen erretratuak deiturikoan. Topaketa horien eta beste askoren arrastoak, zalantzarik gabe, bere bizitza markatu dute, hau da, bere zidorra. “Ezagutza, ikuspegi zabala eta, batez ere, sentiberatasuna eta irudimena dira erretratatuetako askok partekatzen dituzten bertuteetako batzuk”, eta Lacunzak eskertu egiten die denbora tarte txiki hori, non beraien barne munduan muturra sartu eta hura inbaditzeko aukera izan baitu.
Argazkilaria Uharten jaio zen 1956an eta argazkilaritza bere kabuz ikasi duela esan daiteke. Bere garaian zinemak eta jakin-minak argazkigintza arte gisa ikustera eraman zuten, argazki-denda batean hasi zen lanean, eta hortik ibilbide luzea eta izen handikoa izatea lortu du, argazkigintzarekin zerikusia izan dezaketen ia esparru guztietan lan egin baitu. Hedabideetan aritu izan da lanean, Nafarroako Parlamentuko argazkilari ofiziala izan da 30 urtez, publizitatean aritu da, bere argazkiek argitalpenak hornitzen dituzte eta erakusketen parte izan dira, ikastaroak eman ditu Civivox sarean… eta bere ikasgelatik bertatik bere alea jarri du argazkigintzaren artean, zeinak azken urteotan digitalizazioarekin asko eboluzionatu baitu.