AEBko Euskal Komunitateko gazteentzako hiru asteko egonaldia Euskal Herrian

Ateak Ireki egonaldiak AEBko familiekin, batez ere gazteekin, harremanak estutzea du helburu. Proiektuan parte hartu nahi dutenek martxoaren 31ra arte izango dute izena emateko aukera.

AEBko Euskal Komunitateko gazteak, gure hizkuntzaz, gure ohiturez, gure kulturaz… blaitu eta etorkizunean euskal komunitatearen aktibo izan daitezen, Euskal Herrian hiru asteko egonaldia antolatu dute.

Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika, N.A.B.O. North American Basque Organizations eta Goieki Goierriko Garapen Agentzia dira egitasmoaren sustatzaileak eta azaldu dutenez, Ateak Ireki izeneko egonaldi honek bertako familiekin, batez ere gazteekin, harremanak estutzea du helburu, Goierriko eta AEBko euskal komunitatearen artean zubiak eraikiz. “Urte gutxi batzuk barru estrategikoak izan daitezkeen komunikazio eta harremanak lortu eta sendotu nahi ditugu”. Proiektu hau, Goierrin jarriko dute martxan aurten, baina asmoa ez da Gipuzkoako eskualde honetara mugatuko, aurrera begira Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dutela argitu dute.

Parte hartu nahi dutenei eskainiko zaie: Goierriko familiekin harremana; euskara ikasteko hiru asteko programa Maizpide euskaltegian; kokapen geografiko eta historikoa; kultur mailako ekintzak (bertsolaritza, literatura, dantza…); lan mundua (industria, kooperatibismoa, nekazaritza…); kirola eta gastronomia eta Goierriko talde ezberdinekin harremana izateko aukera.

Egitasmoan parte hartu ahal izango dute euskal kulturan eta komunitatean interes berezia duten 16 eta 25 urteko gazteek. Familiei dagokienez, euskal hiztunak izan beharko dira, gazte bat hiru astetan mantentzeko gaitasun ekonomikoa eduki beharko dute, adinkidea den gazteren bat izan beharko dute bere baitan eta ingelesez komunikatzeko gaitasuna ere izan beharko dute.

Proiektuan parte hartu nahi dutenek martxoaren 31ra arte izango dute izena emateko aukera.

Egitarau osoa hemen.

Zabaldu: