Txakur kaleko eraikinean daude Kalderapeko kulturgunea, Lizardi euskaltegia eta AEKren hainbat zerbitzu. Urteurrena abenduaren 15ean ospatuko da, eta kultur ekitaldiak antolatuko dira 2023an zehar.
Bilboko Zazpi Kaleetan AEKren hainbat zerbitzu, Lizardi euskaltegia eta Kalderapeko kulturgunea biltzen dituen eraikinaren 25. urtemuga ospatuko da abenduaren 15ean, Txakur kaleko 1. atariko egoitzan. Urteurren jaiaz gozatzeaz gain, kulturgunea dinamizatzea da asmoa, Bilboko AEK-k, eta AEK-k oro har, Bilbon izan behar duten erreferentzia eta ikusgarritasuna azpimarratzeko.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ospakizuna, DJ Elepuntoren musika emanaldiarekin, baina etenaldia egingo da 18:30ean, txupina bota eta eraikina bertako balkoietatik bertsoz zoriontzeko. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, topa egin eta mokadu txiki bat dastatu ostean, DJ Elepuntoren eskaintza 21:00ak arte luzatuko da.
AEK-k azaldu duenez, “jai honek 2023an zehar Kalderapeko kulturgunean eskainiko diren hainbat kultur ekitaldiren abiapuntua izan nahi du”. Hala, Bilboko eta Zazpi Kaleetako beste eragile batzuekin elkarreragina bilatuko da, Zazpi Kaleetako euskarazko kultur giroa suspertzeko. Eta datorren urtean Lizardi AEK euskaltegiaren 40. urteurrena beteko denez, ikasguak hartuko du ondoren eginkizun horretarako lekukoa.
Bilboko Txakur kaleko 1. atariko eraikinak 1997ko irailean hartu zuela bizia kontatu dute AEK-koek, birmoldaketa oso baten ostean. Kalderapeko (taberna, jatetxea eta kulturgunea) beheko solairuan duelarik, Lizardi AEK euskaltegiko ikasgelak dira euskara ikasleen eta irakasleen topaleku lehen hiru solairuetan. Eta azken bietan, Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko AEKren bulegoak daude, Ahize-AEK, Praktikatu, AIZU! eta Euskaratu zerbitzuekin batera.