Eskarne Mujika itzultzaileak eta Anjel Lertxundi idazleak Agota Kristofen Analfabetoa idazle narrazio autobiografikoa aurkeztu dute, Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editorearekin batera.
Anjel Lertxundi pozik agertu da argitaletxeak “diamante fin hau” plazaratzeko erabakia hartu duelako. Izan ere “opari bat da euskal irakurleontzat, eta are handiagoa akaso euskal idazleontzat Agota Kristofen gogoeta eta oroitzapen hauek geure hizkuntzan irakurri ahal izatea”, adierazi du idazleak. “Ohituta gaude, hizkuntzaz ari garenean, ikuspegi politikotik, soziolinguistikatik edo hizkuntzalaritzatik hitz egiten. Are gehiago euskara bera tarteko denean. Gure kultur eta hizkuntza jardunak aukera bat eta beraren emaitzak dira”. Lertxundik adierazi duenez, oso bestelako ikuspegia da Kristofek Analfabetoa idazle liburuan azaltzen duena, literaturaren barrutik heltzen baitio hizkuntzen arteko dialektikari, eta, adibidez, alemana, errusiera edo frantsesa bera hizkuntza etsaitzat definitzen dituenean, literaturgile baten ikuspegitik egiten du gogoeta, ez jarrera politiko edo soziologiko edo soziolinguistiko batetik. Oso bakanetan egokitu zaigu hizkuntz aldaketaz eta ama hizkuntzaren galeraz hain jardun gordin eta aldi berean literarioa irakurtzea. Euskaratik, zalantzarik gabe, mezu gehigarri eta erantsi ugari bilatu dio irakurleak Kristofen kontakizun autobiografiko honi”.
Eskarne Mujikak, bere aldetik, Kristofen bizitzaren zertzelada nagusiak aletu ditu: “Estalinismoak eta pobreziak markaturiko haurtzaro eta nerabezaro baten ondoren, oso gazterik ezkondu zen. Handik gutxira, Hungariako herria gobernuaren eta komunisten aurka altxatu zen, baina sobietarrek matxinada eragotzi zuten eta berehala etorri ziren errepresaliak: hildako ugari, eta jende asko eta asko Sobietar Batasunera deportaturik. Senarra atzituko zuten beldurrez, bikoteak alabatxoa hartu eta Austriara joatea erabaki zuen. Austriako muga iragan, eta, gero, Suitzara joan ziren, eta hantxe bizi izan zen Kristof, hirurogeita hamasei urterekin hil zen arte”.
Idazle hungariarraren literaturari dagokionez, “ezkortasun beltza darie haren lanei. Damu omen zen Hungaria utzi izanaz. Editore frantsesari esan zion nahiago zuela bi urte presondegi sobietar batean eman izan balitu, erloju-fabrika suitzar batean hogei urtez lanean jardun baino. Dena arrotz zitzaion. Deserriak zauri sakona egin zion. Deserroturik sentitzen zen. Familia galdu zuen, herri baten parte izateari utzi zion; ezin zuen bere hizkuntzan bizi. Erdibi eginda geratu zen betiko. Alienatua. Iraganaz gabetua”.
Ume-umetatik, Kristof gaitz sendaezin batek jota zegoen: irakurketa. Sasoi hori, haurtzarokoa, izan zen, inolako zalantzarik gabe, haren bizitzako zoriontsuena. Era berean, idazteak ez zion bizitzen uzten, baina idatzi gabe ezin zuen bizi. Horren adierazgarri, honela dio idazleak Analfabetoa idazle liburuko pasarte batean: “Ziur naiz, hala ere, idatzi egingo nuela, berdin dio non, berdin dio zein hizkuntzatan”. Omenaldi kutsuko baieztapen batez amaitu du itzultzaileak bere jarduna, “Literatura izan zuen Kristofek ihesa eta, aldi berean, aterpea”.