(argazkia: Mintzola Ahozko Lantegia)

‘Ahostegunak’ ekimenean parte hartzeko izen ematea zabalik

Egitasmoa 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Euskaltzaindiaren Tolare baserrian, EHUko Gipuzkoako campusaren aldamenean izango dira saioak, urriaren 28tik azaroaren 18ra bitartean, ostegunetan

Hirugarren urtez jarraian, Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak Euskaltzaindiaren laguntzarekin batera, Ahostegunak ekimena antolatu dute, Donostian. “Antzerkian, bertsolaritzan, kantagintzan, literaturan… euskarazko ahozko sorkuntzan ari diren Euskal Herriko gazteak elkartzen dituen ekimena da: elkarren arteko harreman sareak egiteko, diziplinartekotasunean esperimentatzeko, eta, noski, kulturaz gozatzeko”, azaldu dute.

18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutako saioak izango dira. Aurten lau izango dira denetara: “urriaren 28tik azaroaren 18ra, ostegunero elkartuko dira gazteak Euskaltzaindiaren Tolare baserrian, EHUko Gipuzkoako campusaren aldamenean. Saioak arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara izango dira”, zehaztu du antolakuntzak.

Aurreko edizioetan egin duten bezala, kultur sortzaileak ere gonbidatuko dituztela aurreratu dute, eta partehartzaileek haiekin solasean egiteko aukera izango dute. “Aletuko ditugu gonbidatuen izenak, baina dagoeneko izen-ematea irekita daukagu: plan proposamena gustuko baduzu, eman izena urriaren 24a baino lehen hemen”.

Behin izena emateko epea amaituta, antolatzaileek taldearen osaketa jakinaraziko dute: “izen-emate ordena aintzat hartuko da. Garrantzitsua izango da saio guztietara agertzea”, gaineratu dute.

Zabaldu: