(argazkia: 111 Akademia)

Pello Lizarralderentzat Euskarazko Literatura Euskadi saria

Argiantza eleberriagatik eman diote saria Lizarralderi. Anjel Lertxundik, berriz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria eraman du eta Joxan Elosegik Euskarazko Literatura Itzulpena saria.

Eusko Jaurlaritzak gaur iragarri ditu Euskadi Literatura sarien lehen irabazleak: Euskarazko Literaturaren atalean, Pello Lizarralde idazleari eman diote saria Argiantza eleberriagatik. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako lanen atalean, berriz, Anjel Lertxundirentzat izan da saria Haltzaren Muinoa lanagatik. Euskarazko Literatura Itzulpena saria Joxan Elosegik eraman du Irene Solak idatzitako Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak liburua euskaratzeagatik.

Epaimahaiaren iritziz, Lizarraldek Argiantza liburuko pertsonaien inguruan eraikitzen duen “atmosfera harrigarriak” erabat harrapatzen du irakurlea. Gainera “ahots-narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraikitako kontakizuna” eskaintzen du idazleak.

Lertxundiren Haltzaren Muinoa “kalitate literario” handiko obra dela uste du epaimahaiak, “esaldi eta kapitulu laburrez osaturik dago, aberatsa da tradizioari eta gazte literaturako klasikoei egiten dien erreferentziagatik; aberatsa, halaber, kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik”.

Elosegiren itzulpenaz epaimahaiko kideek “estiloaren joritasuna” nabarmendu dute, “jatorrizkoaren jario orobat bixi eta magikoa euskarara isurtzen asmatu du”. Epaimahaiarentzat azpimarratzekoak dira “itzultzaileak erakutsitako irudimena eta sormenerako gaitasuna Irene Solàren estiloak eta testuaren tonuak jarritako erronkei erantzuterakoan”. 

Donostiako San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, “gure uztaren aniztasuna eta oparotasuna erakusten dute Euskadi Literatura Sariek”.

Datorren azaroaren 18an  banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldian. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Datorren astean iragarriko dira  gainerako lau modalitateetako irabazleak.

Zabaldu: