‘Ai Gure Juaneteak!’ ikuskizuna estreinatuko dute ostiralean Bilbon

Patxo Telleriak Mikel Laboaren kantak hartu ditu eta berkodifikatzeko eta berregituratzeko ausardia izan du pieza honetarako. Telleriarekin batera, Maider Lopez eta Adrian Garcia de los Ojos arituko dira taula gainean.

Bilboko Loraldia Festibalak, Ai Gure Juaneteak!, Patxo Telleriaren azken lanaren estreinaldia aurkeztuko du ostiralean, hilak 15. Ikuskizunak Mikel Laboa abeslari eta musikagileari omenaldia egitea du helburu. Telleria lan honen dramaturgo eta aktoreak obra hibridoa taularatuko du Itsasmuseum Bilbaon. Pieza honek hitzak eta musika uztartzen ditu.

Telleriak azaldu duenez, “Mikel Laboaren kantak ezinbestekoak dira euskal kulturarentzat, gure kulturarentzat. Gure ondare emozionalaren oinarrizko zatiak dira. Oholtza gainean hiru pertsona aurkituko ditugu: aktore-musikari bat, eta bi musikari-aktore”.

Hala, Telleriak gure ondare kulturalaren zenbait abesti hartu, eta gaur eguneko ikuspuntuaz birsortzeko ausardia izan du. Hegazki errariak, Izarren hautsa, Bedeikatua, Negu hurbila, Lili bat, O Pello, Pello, Haika mutil, Ihes betea eta Baga biga higa, besteak beste, izango dira publikoak entzun ahal izango dituen kantetako batzuk.

Ai Gure Juaneteak! musika zuzenekoa eta antzerkiaren artean dagoen pieza bat da, poesiaren eta prosaren artean ere badagoena, spoken word deritzon estiloan. Diziplina desberdinen uztarketa hau aktore eta musikarietan ere ikusi daiteke: aktorea musikari bihurtuko da zenbaitetan, eta musikariak aktore.

Bestalde, agertoki gainean ez da elementu gehiegirik egongo, minimalismoa izango da nagusi aktoreak, musikariek eta, batez ere, Laboaren musikak protagonismo handiagoa izan dezaten.

Patxo Telleriarekin batera, Maider Lopez eta Adrian Garcia de los Ojos arituko dira oholtza gainean.

Zabaldu: