Patxo Telleriak Mikel Laboaren kantak hartu ditu eta berkodifikatzeko eta berregituratzeko ausardia izan du pieza honetarako. Telleriarekin batera, Maider Lopez eta Adrian Garcia de los Ojos arituko dira taula gainean.
Datorren asteburuan, hilaren 16tik 18ra, eta gaur egungo gizabere baten begiradatik, Mikel Laboraren Negu Hurbila, Lili bat, Oi Pello Pello, Haika Mutil, Baga biga higa, Ihes betea… abestiak entzuteko aukera eskainiko du Tartean Teatroak Ai Gure Juaneteak! musika ikuskizunarekin. Emanaldiak Bilboko Pabellon 6n izango da.
Ai Gure Juaneteak! zuzeneko musika eta antzerkiaren artean dagoen pieza bat da, poesiaren eta prosaren artean ere badagoena, spoken word deritzon estiloan. Diziplina desberdinen uztarketa hau aktore eta musikarietan ere ikus daiteke: aktorea musikari bihurtuko da zenbaitetan, eta musikariak aktore. Patxo Telleria da ikuskizun honen egilea eta taula gainean ere ikusi ahal izango dugu Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez musikariekin batera. Jokin Oregik zuzendu du obra.
Telleriak azaldu duenez, “testua Laboaren zenbait kantaren letren berrinterpretazio erabatekoa da, gaur egungo neure ikuspuntutik. Hamarkadak pasa dira kanta horiek konposatu zirenetik eta ez dute galdu orduko indarra eta zirrara. Eta horrexegatik, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatia direlako, izan dut kantok berregituratzeko, berkodifikatzeko ausardia. Gureak direlako. Nireak direlako”.
Hitzaren eta musikaren ikuspuntu berriak
Jatorrizko bertsioaren zati laburrak kantatuko dituzte tarteka, baina batez ere, kanta bakoitzaren ikuspuntu berriak eskainiko dituzte. “Hitzaren eta musikaren ikuspuntu berriak. Hitzek Laboaren kanten letrak (Artze, Lete, Sarrionandiarenak…) izango dute abiapuntu, baina bide berrietatik garatuko dira, desegituratze eta desitxuratze erradikalarekin. Musika ere abiatuko da Laboaren kanten melodietatik, baina hitzak bezala, berezko bide berriak jorratuko ditu”.
Eszenaratzea minimalista izango da, protagonistei, hitzari eta musikari, garrantzirik handiena emateko. Jose Luis Zumeta artistaren iruditeria estetikoa baliatuko dute eszenografiarako, eta garai hartako agerraldi eszenikoen aurkikuntza estetiko eta eszeniko batzuk (Baga Biga Higa Sentikaria, esate baterako) berrerabiliko dituzte.
Sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragarri. Ostiraleko eta larunbateko emanaldiak 19:30ean izango dira eta igandekoa 19:00etan.