(argazkia: Donostia Kultura)

Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta izango dira Museo Bikoitza programaren hurrengo artistak

Maddi Barberrek aukeratu ditu bi artista hauek programan parte har dezaten.

Donostiako San Telmo Museoak, Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta, Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatuak aurkeztu ditu. Programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Maddi Barberrek hautatu ditu Elgoibar eta Arrieta hurrengo urtebetean proiektuan lan egiteko. Bi artista hauek Tractora kooperatibako kide dira, artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa sortutako proiektua.

Barberrek azaldu duenez, “Museo Bikoitza proiektuko hurrengo artistentzako gonbidapenari heltzerakoan, bai hasiera batean intuitiboki, bai hausnarketa sakon baten ondoren, argi izan nuen nire aukera Tractora Koop. E. artisten kooperatibako Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta izango zirela”.

Programaren bidez, urtero gonbidatzen dira artistak “San Telmo gizarte museoaren kontakizuna berrinterpretatzea, deszentratzea, konplexuagotzea edo kritikoki aztertzea” proposatzen duten obrak sortzeko. Gogoeta hori hiru ardatzetan zentratu daiteke: bilduma, museografia edota testuingurua eta historia. Barberren ustez, “Usuek eta Ainarak azken urteotan egindako lana bat dator Museo Bikoitza proiektuaren ikuspegiekin”.

Bi artista hauen lanak lotura estua du gertuko testuinguruarekin eta lurraldeko kultura adierazpenekin, industria, paisaia, kirola eta aisia bezalako alderdiak jorratuz. Askotan, artxiboetan edo bildumetan iraupen luzeko ikerketa egiten du, eta hainbat formatutan gauzatzen da: erakusketak, bideoak, performanceak eta argitalpenak.

Geldi (2011-2017, Usue Arrieta & Vicente Vazquez) bezalako lanetan, euskal kultura industrialean barneratzen gaituzte, lanaren esparru tradizionala gainditu eta bizitzaren dimentsio sortzaile, herrikoi eta kolektiboa inbaditzen duen ikuspegi batetik; Ainara Elgoibarren beste proiektu zinematografiko batzuetan, U-Glas (2016) edo Gold 20 (2013), berriz, beira fabrikatzeko prozesuak pertzepzio estetikoa eta zinematikoa lantzen du lurraldeko ondare industrialari buruzko ikerketarekin.

Elgoibarrek eta Arrietak hamar urte baino gehiago eman dute elkarrekin lanean, Tractora Koop. E. artista kooperatibaren bitartez. Kooperatiba bere bazkideen proiektu artistikoak sortzen, ekoizten eta banatzen laguntzeko erakunde gisa sortu zen, baita haren gertuko pertsonen ekimenetan laguntzeko ere. Existitzen diren lankidetza-harremanak formalizatzeko espazio gisa funtzionatu du, eta izaera askotako proiektu artistikoak ekoizteko motor gisa.

Museo Bikoitzaren gonbidapenari dagokionez, artista gonbidatuak Ainara eta Usue badira ere, kooperatibak bere gain hartuko du ondoriozko obraren ekoizlearen rola. Testuinguru horretan, garrantzitsua da ekoizpen tresna nabarmentzea, San Telmo Museoaren izaera dual eta historikoki konplexuarekin harremantzen baita. San Telmok Arte Ederren museo eta museo etnografiko gisa jarduten du, eta artelanak nahiz erreminta eta tresna etnografikoak biltzen ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna