(argazkia: Rafa Rodrigo)

Ainara LeGardon izango da San Telmoren ‘Museo Bikoitza’ programan arituko den hurrengo artista

Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar artistek aukeratu dute programa honetan euren ondoren aritzeko.

Donostiako San Telmo Museoak, Ainara LeGardon, Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua aurkeztu du. Programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar artistek hautatu dute LeGardon hurrengo urtebetean proiektuan lan egiteko.

Arrietak eta Elgoibarrek azaldu dutenez, “Ainara Legardonek rock independentearen munduan hasi zuen bere ibilbidea, eta hura atzean utzi zuen praktika esperimentalenen alde egiteko. Praktika horietatik abiatuta, arte plastikoen testuinguruetan integratu da, zuzeneko performancearen eta, berrikiago, soinu-instalazioen bidez”.

Proiektuarekin bat egiteko, San Telmo Museoko bilduman murgilduz gozatzeko eta Museo Bikoitzaren oinarri den espiritua ulertzeko duen gaitasunarengatik hautagai ona da Arrieta eta Elgoibarrentzat, “soinu esperimentalaren testuingurua Euskal Herrian funtsezkoa izan da, eta da, praktika garaikideak ulertzeko. Gutxi historiatutako eremua da, arte-bilduma publikoetan eta pribatuetan oso gutxi agertzen dena. Egoera hori konpontzeko aukera ona dela uste dugu, eta Museo Bikoitzetik egitea bereziki interesgarria da; izan ere, praktika horiek testuinguruan jartzeko ariketa bat eragiten du, bildumarekin duten harremanetik abiatuta, eta hori abiapuntu berezia eta bereizgarria da beste erakunde batzuekiko”.

Artista eta musikaria

Ainara LeGardon (Bilbo, 1976) 1991tik jardunean dagoen musikari eta artista da. Rockaren eta musika esperimentalaren esparruan lan oparoa egiten du, bai bakarka, bai hainbat talde artistiko eta proiektu eszenikotan parte hartuz.

Esperientzia handia du site-specific esku-hartzeetan eta artxiboekin lan egiten. Asturiasko Arte Ederren Museoarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin berriki izan dituen lankidetzak dira bere sormen-unearen erakusgarri. Azken honek eta Tabakalerak elkarlanean sortutako Pausa pulsar soinu-instalazioa Eusko Jaurlaritzaren Bilduma Partekatuak erosi du.

Aipatutakoez gain, Artium, MUSAC, Fundacion Cerezales, DA2, Patio Herreriano eta Reina Sofia izan dira, besteak beste, bere performanceak eta soinu-esku-hartzeak aurkeztu dituen erreferentziazko zentroetako batzuk.

Artistaren ibilbidearen une honetan, sorkuntza garaikidea eta jabetza intelektualaren eta kultura-kudeaketaren arloan ikertzaile eta dibulgatzaile gisa egindako ibilbide sendoa uztartzen ditu.
Bere jarduera artistikoa www.ainaralegardon.com webgunean jarrai daiteke, eta irakaskuntzari dagokiona www.legardon.net helbidean.

LeGardonek berak adierazi duenez, “jasotako gonbidapena aukera paregabea da memoriaren eta artxiboaren inguruko nire lan-ildoarekin jarraitzeko, entzute-prozesuak berriz testuinguruan jarriz eta berrinterpretatuz”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna