(argazkia: Airaka)

‘Aioiai’ kantua eta bideoklipa argitaratu ditu Neomak taldeak

Zazpikoteak sustraitzat dituen musika tresna tradizionalak alde batera utzi gabe, beste soinu, dinamika, estilo eta estetika batzuk bilatu nahi izan ditu Aioiai abesti berrirako. Lehen diskoa argitaratu ondoren, taldeak kaleratzen duen lehen kantua da honakoa.

2022an Ilargi berriak izeneko lehen diskoa argitaratu zuen Neomak musika taldeak eta Aioiai izeneko kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu orain. Taldeak sustraitzat dituen musika tresna tradizionalak alde batera utzi gabe, beste soinu, dinamika, estilo eta estetika batzuk bilatu nahi izan ditu abestirako. Aioiai ardura afektiboaz jabetu, zuk nahi duzun moduan interpretatu eta dantza egiteko kantua dela dio taldeak.

Bideoklipari dagokionez, orain arte izan duten estetikarekin apurtu eta joera urbanorako bidea hartu du zazpikoteak. Bestalde, mugimendua txertatu nahi izan diote kantuari. Hala, Paula Bravo koreografo zarauztarraren gidaritzapean, zazpi dantzarik hartu dute parte bideoklipean.

Ekoizpenari dagokionez, Jimbo Paez musikari madrildarraren emaitza da eta grabazioa, berriz, Haritz Harreguyren estudioan egin dute. Bideoklipa Ane Berriotxoak zuzendu du eta Badator ekoiztetxea arduratu da ekoizpenaz.

Neoma hitzak Ilargi berriak esan nahi du grezieraz eta horixe da Eneritz Aulestiak, Alaitz Eskuderok, Leire Etxezarretak, Irati Gutierrezek, Maria Laska, Amets Ormaetxeak eta Garazi Otaegik iaz sortutako talde berriarentzako aukeratu zuten izena. Taldekideak trikititik oso gertu ibili izan dira beti, Kepa Junkerarekin Sorginak bezala elkar ezagutu zuten eta munduko txoko ezberdinetako oholtzetan aritu izan dira, nahiz eta zazpikoteak gaur egungo musika estilo berritzaileagoetatik ere edaten duten.

 

Zabaldu: