(Argazkia. Nafarroako Gobernua)

Lehen Editargi saria banatuko da Nafarroako Edizio Azokan

Irailaren 27tik urriaren 1era bitartean izango da Azoka  Iruñeko Sarasate pasealekuan.

Editargi Nafarroako argitaletxe independenteen elkarteak Nafarroako Edizioaren VII Azoka irailaren 27tik urriaren 1era bitartean egingo du aurten. Vianako Printzea Erakundearen laguntzarekin antolatzen du urtero ekimena eta guztira hamabost argitaletxe elkartuko ditu Iruñeko Sarasate pasealekuan: Alkibla, Altaffaylla, Cenlit-Denonartean, Cintinta me tienes, Eunate, Euskal Memoria, Nafarroako Gobernua, Katakrak, Kilikids, Mintzoa, Next Door, Publishers, Pamiela, Papeles de Duende, Pompaelo eta Txalaparta.

Ekitaldiak bi berrikuntza garrantzitsu izango ditu aurten: batetik, lehen Editargi Sariaren banaketa, Nafarroan letrek kultur arloari egindako ekarpena aitortuko duena, eta, bestetik, azokarako urtero egiten den kartel lehiaketa.

Elkarteak Azoka hau antolatzen du urtero Iruñean, Nafarroako argitaletxeen katalogo osoa kalera atera ahal izateko, eta, horrela, publiko zabalaren eskura jartzeko, “normalean ez baitu gure ekoizpenerako sarbiderik”, azaldu du elkarteak.

Hala, Edizio Azokak Nafarroan irakurzaletasuna duten pertsonentzako eskaintza osatu nahi du, urtean behin gutxienez, Nafarroako argitaletxeen liburu guztiak sartzeko eta sektoreko multinazionalek hartutako liburu-dendetan edo azalera handietan aurki ezin daitezkeen kalitate handiko tituluez gozatzeko aukera izan dezaten.

Era berean, azoka hau Nafarroako gaien erakusketa handi bat ere bada, “historia, kultura, etnografia, artea, ekonomia, gizartea, kirola eta abarren inguruko liburuen erakusketa bat, gure hurbileko errealitatea jorratzen duena. Halaber, erakusleiho baliotsua da Nafarroako egileentzat, zeresan handia baitute eta honelako plataformak behar baitituzte beren obra publiko zabalari ezagutarazteko”.

Aurten, gainera, Editargik lurraldeko hainbat herritara eraman nahi du azoka, eta, horregatik, Vianan, Leitzan, Zangozan, Elizondon, Lizarran, Tafallan eta Altsasun ere azokak antolatu ditu.

Azoka hauek egun bakarrekoak izango dira, lehena apirilaren 30ean Vianan eta azkena urriaren 22an Altsasun.

Zabaldu: