‘3×4=ORAIN’ Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan proiektua

Posted on 2022-09-05 by KulturSharea

3×4=ORAIN. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan izeneko proiektuak Gabriela Cendoya Bergareche bildumaren azterketan eta ezagutzan sakontzen du, hura zinemaren, musikaren eta literaturaren esparrutik aztertuta.

Urriaren 30era arte, argazki-liburua hobeto ezagutzeko aukera dago Donostiako San Telmo Museoko Laborategian, bertan ikusgai baita 3×4=ORAIN. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan erakusketa. Jon Cazenave da erakusketa honen komisarioa eta erakusketarako zinemako, musikako eta literaturako hamabi sortzaileri eskatu die parte hartzeko. Beste hamazortzi argitalpenek osatzen dute erakusketa. Hurbilketa anitz bat egin da errealitate horretara, zinema, musika eta literatura argazkiekin eta liburuekin erlazionatuta.

San Telmoko ordezkariek azaldu dutenez, “argazki-liburua argazkiz osatutako liburu bat baino gehiago da, objektu artistiko bat da; irudiek izaera autonomoa galtzen dute, eta edukien sekuentzia batean egituratzen dira, asmo narratibo eta erritmo bisual bakarrarekin, beste formatu batean errepikatu ezin den sormenezko diskurtso bat eraikitzen duena. Gero eta interes handiagoa dago argazki-liburuarekiko, artelan gisa ulertua, hura analizatzeko eta haren garrantzia adierazteko egindako nazioko eta nazioarteko ekitaldi ugariek bermatua. Testuinguru horretan, digitalizazioak eta ekoizpen-bitartekoak eskuratzeko aukerak lagunduta, titulu berri gehiago argitaratu dira. Inoiz baino titulu gehiago ekoizten, irakurtzen eta bildumatzen dira, eta argazki-liburua genero artistiko berezi, garaikide eta berehalako bat da gaur egun”.

Eferbeszentzia horren ondorioz, 3×4=ORAIN. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan proiektuak Gabriela Cendoya Bergareche Bildumaren azterketan eta ezagutzan sakontzen du, hura zinemaren, musikaren eta literaturaren esparrutik aztertuta. Hiru diziplina horiek lotura sakona dute edizio hauekin.

“Zinema denboraren fluxuan txertatutako gertaera baten behaketa gisa ulertzeak aukera ematen du diziplina horrek argazki-liburu bat ulertzeko eta interpretatzeko moduan duen eragin garrantzitsua ulertzeko. Logika horri jarraituz, argazkiak plano zinematografiko bihurtzen dira, eta horiek sekuentziatu egiten dira denboran eta espazioan ikusi ahal izateko”, azaldu dute.

Liburu horietan argazki-sekuentziak eraikitzean arreta berezia jartzen zaio erritmoari, eta musika-egituratik oso hurbil dago; “horretan, bada, interpretazio logikoa ez da transmititutako emozioen jolasa bezain garrantzitsua. Argazki-liburuan, irudiak kolorearen, tonuaren, formaren eta beste alderdi batzuen arabera editatzen dira, obra bateratu bat eraikitzeko, eta, musikarekin gertatzen den bezala, interpretatu egin behar da. Orriak pasatzeak berak obra bakoitzaren erritmoa eraikitzen du behatua izango den unean bertan. Argazki-liburu bakoitzak iraupen bat hartzen du, esanahi berezi bat irakurle bakoitzaren eskuetan, eta irakurraldi bakoitza ibilbide pertsonal eta bakarra da”.

Azkenik, liburuaren sekuentzia osatzen duten argazkiak asmo bakarrarekin daude ordenatuta: kontakizun bat eraikitzea, interpretatua izateko. “Irudien segida hau, askotan, irudi literarioez baliatzen da, hala nola elipsiez edo metaforez, gertakari konplexuak irakurketa anitzeko erretorika bisual ireki baten bidez kontatzeko”.

Gabriela Cendoya Bergareche bilduma

Cendoyari argazkigintza garaikideko liburuekiko interesa 90eko hamarkadan piztu zitzaion Bordeleko Mollat liburu-dendan, argitalpen horiek gaur egungo sorkuntzan duten potentzial artistikoa ezagutu ondoren. Horren ostean eta Martin Parren eta Gerry Badgerren The photobook: A history, Vol.1 (2004an argitaratua) irakurri zuenean, argazki-liburuen bilduma egiten ari zela ohartu zen; egile-argazkigintzako liburuak, bada, ez ziren ezagunak garai hartan.

Bi inguruabar germinal horietatik 20 urte baino gehiago igaro ondoren, bilduma 3.000 alek baino gehiagok osatzen dute eta San Telmo Museoko Liburutegian dago gordailututa, jendeak azter dezan. Genero honetako nazioarteko bilduma garrantzitsuenetako bat da, bere bolumenagatik ez ezik, baita hautatutako tituluen kalitateagatik ere. Horietako asko aurkitzea ezinezkoa da gaur egun, eta Cendoyak berau osatzen duten egileekin ezarri dituen harreman pertsonal eta profesionalen emaitza dira.

You may also like

‘Imajinatu Zinemaldia’ erakusketak publikoari egingo dio gorazarre
Posted on 2022-07-13 by KulturSharea
Erakusketa Tabakaleran egongo da ikusgai eta herritarrak, edizioz [...]
Javier Perez artistaren ‘Presentziak Absentziak’ erakusketa ikusgai Donostian
Posted on 2022-07-07 by KulturSharea
Artista bilbotarraren sorkuntza-mundua ezagutzeko aukera ematen du [...]
‘Artea oinez’ erakusketa Iruñeko Kondestable jauregian ikusgai
Posted on 2022-04-11 by KulturSharea
Lan gehienak korronte abstraktuan kokatzen dira, baina figuratiboa, [...]
‘Emma Kunzen unibertsoa’ erakusketa ekainaren 19ra arte, Tabakaleran
Posted on 2022-02-09 by KulturSharea
Emma Kunzen unibertsoa erakusketa ekainaren 19ra arte bisitatu ahal [...]
‘Irudi sekuentziatuak. Argentinar emakume argazkilariak 1930-1990’
Posted on 2021-07-15 by KulturSharea
Erakusketa bost gune tematikotan dago antolatuta, Donostiako [...]
LKN kale artistaren lanak ikusgai jarri dituzte Iruñeko Kondestable jauregian
Posted on 2021-04-22 by KulturSharea
Erakusketak apirilaren 30era arte izango ditu ateak zabalik, Iruñeko [...]
‘Artea oinez’ erakusketa artistikoa Iruñeko Kondestablen ikusgai
Posted on 2021-04-13 by KulturSharea
Jose Luis Zumeta, Dora Salazar edo Nestor Basterretxearen obrak ikus [...]

Page 1 of 3

Zabaldu: