Agustin Arrietak filosofiaren ezinbesteko zeregina aldarrikatzen du ‘Manifestu Filosofikoa’ saiakeran

Informazioaren anabasaren garaian, Agustin Arrieta filosofo eta idazleak filosofiaren ezinbesteko zeregina aldarrikatzen du argitaratu berri duen Manifestu Filosofikoa saiakeran. Gaurkotasunez betea eta manifestu-izaera argia uztartuz, egileak egia eta justizia bezalako balioen defentsa ausarta egiten du Alberdania argitaletxearen eskutik kaleratu duen lanean.

Aritz Galarraga editorearen arabera, liburu honetan Arrietak “berriro ere filosofiaren zentzua eta balioa ekarri ditu lehen lerrora. Aspalditik euskal pentsamenduaren ahots argi eta zorrotzenetako bat den autoreak liburu honetan gogoeta sendo baina irakurterraza proposatzen du, filosofiak gaur egungo gizarte konplexuan izan dezakeen eginkizunaz”.

Arrieta ezaguna da bere dibulgazio lanagatik. “Euskal Herriko Unibertsitateko filosofia irakasle izateak, zalantzarik gabe, lagunduko zion pentsamenduaren diziplina hori publiko zabalago bati hurbiltzen”, dio editoreak. Izan ere, urte luzez saiatu da filosofia akademiaren esparrutik atera eta gizartean presente egon dadin. Horren erakusgarri dira aurretik argitaratutako hainbat lan, besteak beste Alberdania etxeko Zerberri sailean argitaraturako Sinesmenak eta usteak (2010), zentzu komunaren aldeko aldarri dena, edota erreferentzia bihurtu den Zertaz dihardu filosofiak? (2002).

Manifestu filosofikoa liburuak aurreko lan horien ildoa jarraitzen du, baina, honetan, manifestu forma eman dio testuari, bere printzipioak eta asmoak modu argian plazaratuz.

Saiakerak helburu bikoitza du: alde batetik, filosofiak gaur egungo gizartean izan dezakeen eginkizuna zehaztea; bestetik, irakurlea konbentzitzea diziplina horren premiaz. “Informazioaren eta ustezko ezagutzaren tsunamiaren garaian, non datu, iritzi eta zarata ugariren artean orientatzea gero eta zailagoa den, Arrietak galdera nagusi bat planteatzen du: zertarako balio du filosofiak gaur? Liburuak galdera horri erantzun pausatua ematen dio, pentsamendu kritikoa anabasaren eta konplexutasunaren aurrean ezinbesteko tresna dela defendatuz”, nabarmendu Galarragak. “Manifestu filosofikoa ez da soilik gogoeta teoriko bat. Autorearen konpromisoaren adierazpena ere bada: filosofiak gizarteari zer eskaini diezaiokeen azaltzeko eta irakurlea pentsamenduaren praktikarekin berriro konektatzeko gonbidapena da”.

You may also like

Pertsonaia publikoen bizitza pribatuaz hausnartzeko eleberria ondu du Goiatz Labandibarrek
Posted on 2025-04-30 by KulturSharea
Eresia hil-kanta aitari da idazle oiartzuarrak gaur aurkeztu duen [...]
‘Amorante Frantsesa’, poema bidez idatzitako eleberria kaleratu du Miren Agur Meabe idazleak
Posted on 2025-04-09 by KulturSharea
Liburu berri hau pertsonaia arrunt baten epopeia xumea da, thriller [...]
Maite Gurrutxaga ilustratzaileak bere berea den bigarren liburua kaleratu du ‘Tapakia’ izenburupean
Posted on 2025-04-03 by KulturSharea
Tapakia (Erein) hitzik gabeko liburua da eta baita besteenganako [...]
Joxean Sagastizabalek ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ eleberriaren berrargitalpena aurkeztu du
Posted on 2025-03-12 by KulturSharea
Inork ez zuen espero umorezko eleberri batek halako arrakasta izatea. [...]

Page 3 of 62

Zabaldu: