Aitor Oñate idazleak erritmo biziko thriller batekin itzuli da literaturara

Robinen neba-arrebak da eleberriaren izenburua. Idazle bilbotarrak gaur aurkeztu du liburua Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik.

Ez da urtebete pasa Aitor Oñate idazleak (Bilbo, 1976) estreinako eleberria kaleratu zuela Lohizulo izenburupean. Umorez idatzitako satira politikoa izan zen hura. Oraingoan, berriz, erritmo biziko thriller batekin itzuli da literaturara: Robinen neba-arrebak. Egileak gaur aurkeztu du genero beltzeko eleberri hau Elkar argitaletxearen eskutik.

Nagore Saminaga da eleberri honetako protagonista, Dr. Martens botekin pauso irmoak ematen dituen skinhead mozkote eta zakarra. Polizia izana, ahaztu nahi lukeen istilu itsusi batek handik bota zuen arte. Gaur egun SKAn, Substantzia Kimikoen Atalean egiten du beharra, gatzik eta arriskurik gabeko lana. Hala ere, Galindoko araztegian, Bilbo aldeko kaka guztiak biltzen diren instalazioetan, heriotza bat gertatu da, ur-putzuetan pilatutako gasak gazte antisistema bat pozoituta. Istripua dirudi, baina Nagorek barruan darama ikertzailearen harra, eta denek kasua uzteko eta ixteko esan arren, zakurrak ezin hezurrari jaregin.

Elkar argitaletxeak azaldu duenez, “gertaleku gogoangarrian kokatua eta pertsonaia zoragarriz betea dator Robinen neba-arrebak liburua: mundua salbatu nahi duten anarkista ekologistak, goi mailako dama misteriotsu altruistak, gizakiengandik ihesi drogen abaro gozoa bilatzen duten gazte hauskor eta maitagarriak”.

You may also like

Sonetoz osatutako liburua ondu du Harkaitz Cano idazleak
Posted on 2022-12-02 by KulturSharea
Pozaren erdia du izenburu lan berriak eta Susa argitaletxearen eskutik [...]
Bilboko San Frantzisko auzora itzuli da Jon Arretxeren Toure detektibea
Posted on 2022-11-27 by KulturSharea
Prostituzioaren lege berriak nola eragingo duen Bilboko San Frantzisko [...]
Iñigo Antsorregik depresioa lehen lerrora ekarri nahi izan du ‘Nire minaren etxean’ saiakerarekin
Posted on 2022-10-30 by KulturSharea
Egileak broma giroan kontatu nahi izan du bere prozesua, “liburuan ni [...]

Page 16 of 62

Zabaldu: