Arantxa Urretabizkaia idazleak ‘Azken etxea’ eleberria aurkeztu du

Posted on 2022-04-21 by KulturSharea

Zahartzaroaren estereotipoekin apurtzen duten pertsonak dira liburuko pertsonaiak, egilearen esanetan, ez dira pertsona tradizionalak, “ez dute bizimodu tradizional bat izan eta protagonistak azken etxe horren bila egingo dituen edo emango dituen pausoak ere ez dira tradizionalak izango”.

Pertsona nagusiak dira Arantxa Urretabizkaiak Azken etxea (Pamiela) izeneko nobela berrirako aukeratu dituen protagonistak, nahiz eta liburua ez den zahartzaroaren gainekoa.

Dagoeneko bost urte igaro dira idazleak Bidean ikasia, bere azken eleberria, kaleratu zuenetik eta denbora horretan luzaroan ibili da zeri ekin ez zekiela, “halako batean, egunerokotasunak eman zidan arrastoa, askotan gertatzen zait hori”, kontatu du. Izan ere, egunerokotasunak pisu handia du Urretabizkaiarentzat, bai bere bizitzan eta baita lanean ere. “Lagun bati galdetu nion elkarren lagun bati buruz eta esan zidan azken etxearen bila ari zela. Horrekin txinparta bat piztu zitzaidan, txinparta horrek su txiki bat, eta hari horri tiraka, bizitzaren azken atalean dagoen hainbat pertsonairen bizitza kontatzen ahalegindu naiz”.

Liburuko protagonistak Hendaia aldeko etxe bat begiz jo du, eta harekin tematu da. Bilaketa horretan iraganeko mamuak, adiskideak eta hautuak orainaldikoekin korapilatuko dira, elkar zelatatuko duten auzokideen giroan.

Zahartzaroaren estereotipoekin apurtzen duten pertsonak dira liburuko pertsonaiak. Egileak nabarmendu duenez, “ez dira pertsona tradizionalak, ez dute bizimodu tradizional bat izan eta protagonistak azken etxe horren bila egingo dituen edo emango dituen pausoak ere ez dira tradizionalak izango”.

Urretabizkaiak argi utzi du fikzioa erabili duela liburua ontzeko, “ez dago autobiografiarik, eta ez dago hausnarketarik, zuzenean behintzat”.

You may also like

Euskal Literatura Sorkuntza: eta orain zer? Mahaingurua
Posted on 2020-12-08 by KulturSharea
Partehartzaileak: Karmele Jaio, Iñigo Astiz, Idoia Santamaría eta Uxue [...]
‘Zergaitik da zuzeneko kultura ordezkaezina?’ mahaingurua
Posted on 2020-12-06 by KulturSharea
Pandemia garaiko arriskuak eta erronkak Parte hartzaileak: Miriam [...]
‘Zurekin’ kantua: Itxaso Sanchez, Uxue Sanchez eta Imanol Iribarren
Posted on 2020-11-13 by KulturSharea
Itxaso eta Uxue Sanchez ahizpek eta Imanol Iribarrenek maiatzean [...]

Page 27 of 57

Zabaldu: