Asier Gorostidik eta Igor Sarraldek ‘Euskal Herriko animaliak. Ornogabeak’ liburua aurkeztu dute

Posted on 2022-01-18 by KulturSharea

Euskal Herriko animaliak. Ornodunak liburuaren jarraipena da oraingoan argitaratu dutena. Ilustratzaileek animaliei buruzko gida-liburuen ohiko formatutik aldendu eta haurrentzat, zein helduentzat erakargarria izango den liburua sortu dute.

Asier Gorostidi eta Igor Sarralde ilustratzaileek Euskal Herriko animaliak. Ornogabeak (Erein) liburu ilustratua kaleratu dute. Hainbat proiektutan elkarrekin lan egin duten arren, iaz argitaratutako Euskal Herriko animaliak. Ornodunak  izenekoa izan zen elkarrekin egindako aurreneko liburua. Sarraldek eta Gorostidik Arte Ederren fakultatean ezagutu zuten elkar eta txikitatik dituzte animaliak eta ilustrazioa gustuko. Sarralderen hitzetan hutsune bat betetzeko asmoz sortu zuten bilduma. Izan ere, animaliei buruzko gida-liburu txiki asko dira liburutegietako apaletan, baina formatu horretatik aldendu eta haurrentzat, zein helduentzat erakargarria izango zen liburua sortzea nahiago izan zuten. Lehen argitalpen horretan, Euskal Herriko baso eta uretan bizi diren animalia mordoa bildu zituzten, jendearentzat ezagunagoak diren txantxangorria edo sugandilak ziren horietako batzuk, baina baita dortokak, oreinak eta artzak ere. Orotara, gure lurraldeko 50 espezie enblematikoenen ezaugarri eta berezitasun guztiak jaso zituen lanak.

Oraingoan, iaz abiatutako bidetik jarraitu eta bigarren alea kaleratu dute egileek, baina, kasu honetan ornogabeak dira liburu honetako protagonistak. Guztira 70 animalia bildu dituzte. “Saiatu gara animalia hauenganako daukagun ezagutza handitzea eta bata bestetik bereizten ikastea edo bakoitzaren ezaugarri bereziak ikusaraztea, izan ere, horrek jakin-mina pizten du eta ikusten ditugunean ilusio handiagoa egiten digu”, adierazi dute.

Animaliak antolatzerako orduan, kopurua izan dute kontuak egileek: “lehen atalean intsektuak sartu ditugu, gero araknidoak eta hirugarrenean gainerako guztiak”. Hala ere, aurreko liburuaren antzeko egitura mantentzen saiatu direla nabarmendu dute, eta oraingoan ere, aurrekoan bezala hiru kapituluz osatu dute liburua: “atal bakoitzaren aurretik sarreratxo bat sartu dugu eta kapituluen bukaeran Hobeto ezagutu izeneko orrialde bikoitza, bertan talde horren bitxikeriak sartu ditugu”.

You may also like

Izarok ‘Paris’ izeneko kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2019-12-04 by KulturSharea
Lan berria urtarrilaren 31n aurkeztuko duen arren, Durangoko Azokan [...]
Garik eta Josu Zabalak Kafe Antzokian eskainitako zuzenekoa disko batean bildu dute
Posted on 2019-12-03 by KulturSharea
Egun horretako oroigarri izateko asmoz, dator orain kaleratu berri [...]
Euskara hutsean dator Doctor Deseo taldearen ‘Maketoen Iraultza’ diskoa
Posted on 2019-12-03 by KulturSharea
Doctor Deseo taldearen hamazazpigarren diskoa dugu gaur, Bilbon, [...]
Eskafandra bildumak Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’ saiakera ekarri du euskarara
Posted on 2019-11-29 by KulturSharea
“Emakumea ez da jaiotzen. Egin egiten da”. Esaldi ezagun horrek [...]
Lotara joaterakoan, haurrei irakurtzeko ipuinak, poemak eta jolasak biltzen dituen liburua
Posted on 2019-11-29 by KulturSharea
Lotara joaterakoan, haurrei irakurtzeko ipuinak, poemak eta jolasak, [...]
Keu Agirretxea: “Gu han egon ginen” abestiaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2019-11-15 by KulturSharea
Keu Agirretxea musikariak gaur gauerdian Ura eta bakea izeneko disko [...]

Page 39 of 57

Zabaldu: