Denda baten kronika literarioa ondu du Uxue Alberdi idazleak

Posted on 2020-09-16 by KulturSharea

Alberdik inoiz idatzi duen libururik umoretsuena dela aitortu du, “karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat. Ez dago espaziorik malenkoniarentzat”.

Denda baten kronika literarioa dakar Uxue Alberdi idazleak Dendaostekoak izeneko liburu berrian. Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak gaur, aurkezpenean adierazi duenez, “dendari birekin izandako elkarrizketetatik jasotako informazioa antolatzeko, idazlearen eskuak egin du lan, kazetariarenak baino gehiago”.

2019ko urrutik 2020ko martxora bitartean, asteazkenero bildu da idazlea bi dendariekin Elgoibarko Pitxintxu dendako dendaostean eta hitzordu bakoitzean, bizpahiru orduz aritu izan dira galde-erantzunean. “Liburua elkarrizketa luze bat bezala irakur daiteke, ordu askotako elkarrizketa askoren eta haien lanketaren eta muntaiaren emaitza” dela dio, “informazioaren bila egin dut lan, tonu desberdinen bila, paisaia, argiztatze, pertsonaia, testura eta erritmo desberdinen bila”, kontatu du idazleak.

Dendatik eta dendara luzatzen diren hariek herri baten paisaia estetikoari eta paisaia humanoari begiratzen diotela ere aipatu du Alberdik. Lopezek bere aldetik, Dendaostekoak elkarren segidan antolatutako atal laburrez osatutako liburua dela dio, “dendarekin eta dendariekin lotutako ikuspuntu batetik bestera jauzi egiten du”.

Liburua dauden brodatu motak azaltzen abiatzen da eta dendarietako batek, josten ari dela, ikusitako manifestazio batekin jarraitzen du. Hortik, beste narratzatzaileak bizitako manifestazio bat deskribatzera pasatzen da. Lopezen arabera, liburuak denda bera eta dendarien arlo pertsonala eta soziala uztartzen ditu. “Dendan brodatu eta josi egiten da, baina baita diskoak eta opariak saldu ere”.

Liburuan dendako bizipenak narratzaileen egunerokotasunarekin nahasten dira eta urte horietan gertatzen ari denarekin. “Denda kontatzen du liburuak baina baita garai bat ere”, dio editoreak. “Dendariek dirua biltzen dute lagunei abortatzen laguntzeko, lagun anarko musikazale eta liburuzaleak dituzte, emakumez osatutako mendi taldea antolatzen dute, denda kokatuta dagoen kalea parranda gune zeneko sasoiak gogoratzen dituzte, dendarien elkartearen sorreran parte hartzen dute”.

Baina bi dendarien ahotsekin batera, badira beste ahots batzuk ere: bezero bat, zapata-denda baten jabea… hari nagusiari beste ertz batzuetatik begiratzen diote hauek.

Egileak inoiz idatzi duen libururik umoretsuena dela aitortu du, “karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat. Ez dago espaziorik malenkoniarentzat, mugimenduari eutsi behar zaio, jendeari kasu egin, kutxetatik atera behar dira salgaiak, baita memoria, zauriak eta asmoak ere”. Lopezen ustez, “umorea eta auto-ironia daude dendarien ahotsean eta ez dituzte zenbait kontu zikin isiltzen”.

You may also like

‘Agur Etxebeste!’ filma irailaren 27an helduko da zinema aretoetara
Posted on 2019-09-23 by KulturSharea
Aupa Etxebeste! filmaren ildoa jarraitzen duen komedia da Agur [...]
‘Zergatik’, Arrano Pertxa eta Lengu iluna bikoaren kantu berria
Posted on 2019-09-17 by KulturSharea
Disko fisikoa argitaratu beharrean, abesti solteak bideoklip batekin [...]
‘Eguzki bat tatuatu’ kantua aurkeztu du Iker Martinezek
Posted on 2019-09-17 by KulturSharea
Lurralde berriak izeneko diskoa kaleratuko du Iker Martinezek (Oñati, [...]
Glaukomaren ‘Gure Kaiola’ abestiaren bertsio berria
Posted on 2019-09-12 by KulturSharea
"Bazen behin suak irentsitako estudio bat Arrasaten. Garrek [...]
Sergeren ‘Ahantzi ez nazazun’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2019-09-11 by KulturSharea
Serge musikariak aurten argitaratutako bakarkako Enarak itzuli dira [...]
‘Eguzkitan bero’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du Urtz taldeak
Posted on 2019-09-10 by KulturSharea
'Zabaldu ateak' diskoko Eguzkitan bero kantuaren bideoklipa aurkeztu [...]
Gaztetxo eta helduen bertso eskoletan izena emateko epea zabalik, Malerrekan
Posted on 2019-09-10 by KulturSharea
Bertsotan ikasteko guneak dira bertso-eskolak: bat-batean edo [...]
Iñigo Muguruzaren bizitzari buruzko bideo sorta
Posted on 2019-09-10 by KulturSharea
Testua eta bideoak Euskal Musika Katearen bidez. Iñigo Muguruzaren [...]
‘Harria’ diskoa eta ikuskizuna aurkeztuko du Iñaki Palacios txistulariak
Posted on 2019-09-10 by KulturSharea
Musikari gasteiztarraren bigarren proiektuak lau osagai ditu: Iñaki [...]
‘Mirotzak’ kantuaren bertsio berri bat, Gratxina Lertxundik abestua
Posted on 2019-09-10 by KulturSharea
Benito Lertxundiren Mirotzak kantuaren bertsio berri hau Gratxina [...]

Page 43 of 57

Zabaldu: