Ekaitz Sirvent itzultzaileak Antonio Gramsciren ‘Kartzelako gutunak’ liburua euskaratu du

Posted on 2021-12-16 by KulturSharea

Katakrak argitaletxearen eskutik ikusi du argia liburuak. Lanak hamaika urtetako kartzelaldi luze baten alde guztiak jasotzen ditu.

Ekaitz Sirvent itzultzaileak Antonio Gramsci pentsalari eta politikari italiarrak idatzitako Kartzelako gutunak izeneko liburua ekarri du euskarara, Katakrak argitaletxearen eskutik. Hedoi Etxarte argitaletxeko kidea izan da gaur Donostian egindako aurkezpenean, eta bertan azaldu duenez, “erronka handi bat” izan da liburua argitaratzea. Alde batetik, Sirventek kartzelatik itzuli duelako liburua, “ez genekien liburu hau lantzeko harremana nolakoa izango zen, gure lehenengo esperientzia izan da kartzelan dagoen norbaitekin lan egitea”.

Bestetik, Josu Zabaleta itzultzailearen lana azpimarratu nahi izan du Etxartek, izan ere, “kartzelan itzulitako liburu bat da eta kartzelatik idatzitako gutunak dira hauek, baina bere ontze bidean eta guk argitaletxe gisa egin dugun lanaren aurretik, Zabaletak egin du lehenengo zuzenketa eta guri eskura jarri dizkigu baliabide teknologikoak”.

Kartzelako gutunak Iruñeko argitaletxeak inoiz kaleratu duen libururik luzeena dela dio Etxartek eta hori ere erronka bat izan dela nabarmendu du. “Liburuak islatzen du nola kanpoko jendea oso kezkatuta dagoen Antonio Gramsciren osasunarekin. Bestetik, bera nola dagoen kezkatuta politikarekin, iraultzarekin…”. Horretaz gain, bere semeen hezkuntzarekin eta bere bikote harremanarekin ere kezkatuta azaltzen da gutunetan. “Hemen ikusiko ditugunak dira hamaika urtetako kartzelaldi luze baten alde guztiak: bere kezkak literaturarekin, naturarekin…”.

Sirventek liburuan azaltzen duen bezala, “hemen aurkezten ditugun gutunak, 1947an argitaratutako lehen bildumari dagozkionak, Gramsciren pentsamenduaren ezagutza osoago bat zabaldu baino lehenagokoak dira. Urte haietako irakurleek Gramsciz zuten irudia heroi batena zen, faxismoaren kontrako borrokaren martiri batena; haren irudia Europako herrialde askotan justiziaren eta askatasunaren aldeko borrokan bizitza eman zuten gizon-emakumeen ibilbide tragikoa marraztu nahi zuten testigantzen eta gutunen argitalpen askotarikoen barnean kokatzen da. Zentzu horretan, kartzelako gutunak ibilbide gizatiar baten lekukotza dira eta nahi gabeko autobiografia gisa funtzionatzen dute, neurri batean”.

You may also like

Agustin Arrietak lau gazteren arteko elkarrizketa dakar ‘Gaueko eztabaidak’ liburuan
Posted on 2022-03-30 by KulturSharea
Hiru gautan banatu du egileak elkarrizketa hau: Lehenak zientziaz, [...]
‘Ilargiaren etorbidea’ kanta aurkeztu du Lorelei taldeak
Posted on 2022-03-23 by KulturSharea
Aurten 25 urte beteko ditu Lorelei taldearen Bada hiri gorri bat lehen [...]
Haurtzaroko sexu abusuei buruz Maddi Ane Txoperenak ‘Ez erran inori’ eleberrian
Posted on 2022-03-17 by KulturSharea
Idazleak 23. Igartza saria jaso zuen 2020ko irailean, idazle gazteei [...]
‘Martxa Baten Lehen Notak’ izango da Elkar+ekin dantzan! Ekimenaren doinua
Posted on 2022-03-16 by KulturSharea
Mikel Laboaren abestia izango da martxoaren 20an Euskal Herriko txoko [...]
‘Bretxa’ eleberriaren euskarazko bertsioa eta izen bereko ikuskizun musikala aurkeztu dituzte
Posted on 2022-03-15 by KulturSharea
Duela sei urte hasi ziren ikuskizuna lantzen. Vegaren hitzetan, [...]

Page 17 of 59

Zabaldu: