Emakumeen indarra islatzen duen diskoa kaleratu du Amak taldeak

Posted on 2021-06-03 by KulturSharea

Zortzi kantuz osatuta, eserita entzuteko lana ondu du laukote gipuzkoarrak.

Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kristina Solanok ezustean sortu zuten Amak izeneko taldea, beraiek bilatu gabeko zerbait izan zela diote. Izan ere, 2018an Oñatiko Trikitixa jaialdian parte hartzeko deitu zituzten lau musikariak. Hauek proposamena onartu eta lau bat kantu prestatu zituzten saio horretan jotzeko. Ordutik hona, han eta hemen eskaini dituzte emanaldiak. Iaz, esaterako, hogei bat kontzertu eman zituzten. Emanaldi horietan, “gure kanten bertsioak edota euskal kantagintzako gure gustuko kantak hartu, horiek moldatu eta zuzenean ematen genituen”, azaldu du Telletxeak.

Baga Biga diskoetxetik disko bat sortzeko proposamena heldu zitzaien ondoren, eta taldeak bere kanta propioak grabatu eta plazaratzeko aukera ikusi zuen, “hasieran ez genuen diskoetan pentsatzen, baina azkenean sartu eta gustura geratu gara”, aitortu dute.

Taldeak gaur egin du lehen diskoaren aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenean, eta “oso disko melodikoa dela aipatu dute. “Kantu guztiak ez dira dantzagarriak”, azpimarratu du Lizarribarrek, “beti erlazionatzen da trikitia dantzarekin, festarekin, txirrindulari lasterketarekin eta azokarekin, eta ez da horrela, trikitia lasai-lasai eserita entzun daitekeen musika ere bada”. Diskoan, beraz, trikitixa dantzagarria, kalejirak eta arin-arinak izateaz gain, baladak, vals-a, eta pausatuago entzuteko doinuak ere badira.

Hitzei dagokienez, Karmele Jaiorenak dira Zure izena eta Bai ama kantak eta Onintza Enbeitarenak Atsolorra eta Amorra zaitez. “Emakume garen aldetik, emakumearen indarra eman nahi izan diogu diskoari”.

Diskoa Xabi Solanok ekoiztu du Hernanin, eta Jaio eta Enbeitaz gain, hainbat kolaborazio izan dituzte lana ontzerako orduan: Arkaitz Miner (mandolina, gitarra akustikoa, biola, tiplea eta bibolina), Txus Aranburu (teklatuak), Zigor Dz (samplerra) eta Arkaitz Bastarrika (baxua).

Diskoaren aurkezpen kontzertua bihar izango da Bergarako Seminarixuan eta datozen asteetan, Errezilen, Aian, Arrasaten, Orion edota Zumarragan, besteak beste, eskainiko dituzte kontzertuak. Webgunean jarri dituzte data guztiak ikusgai.

You may also like

‘Inorren lurretan’ diskoa kaleratu du Eraso taldeak
Posted on 2018-10-10 by KulturSharea
Bi urteren ostean, Inorren lurretan izenpean kaleratu berri du Eraso [...]
Kantagintzaren gaineko gogoeta egin du Gotzon Barandiaranek argitaratu duen saiakeran
Posted on 2018-10-09 by KulturSharea
Hitzen ahairea (Susa ) izenpean dator Gotzon Barandiaranek ondu duen [...]
1555657

Page 57 of 57

Zabaldu: