Esti Martinez idazleak etxe barruko giro intimoa irudikatu du ‘Animalia domestikoak’ ipuin liburuan

Posted on 2023-05-03 by KulturSharea

Zortzi istorio biltzen ditu lan berriak eta hasieran normaltasun itxura ematen duten arren, surrealismo puntu bat dute.

Animalia domestikoak (Elkar) prosan idazten duen lehen liburua du Esti Martinezek. Iruindarrak Azalberritze bat poema liburua argitaratu zuen 2018an, Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean egile gazteei zuzendutako DK Poesia Lehiaketa irabazi ondoren. Idazleak, hala ere, prosa nahiago du eta horren emaitza da Donostian aurkeztu duen liburua.

Animalia domestikoak zortzi ipuinez osatuta dago, “zortzi ipuin desberdin, gai aldetik, pertsonaia aldetik, istorio aldetik…”, dio egileak. Denek dute, hala ere, batzen duten espazio intimo, kutsatu eta hermetiko bat, “horietako asko etxeetan gertatzen dira, agian ez norberaren etxeetan, baizik eta besteen etxeetan edo norberarena izandako etxe horretan”, azaldu du.

Idazleak liburuak dakarrena azaltzeko azala hartu du abiapuntu gisa, honetan miniaturazko etxe bat ageri da. “Ainhoa Lukas eta Ixa Arlegiren arteko lanaren emaitza da eta, printzipioz, hor agertzen diren elementu guztiak ezagunak egiten zaizkigu, baina ezaugarri nagusiena bertan dagoen giroa da, begiratu behar ez genuen ate horren atzeko giro hori, oso intimoa, argia sartzen da baina ez du dena argitzen, bertan agertzen diren elementuen dimentsioak ere ezberdinak dira, ez dira batere errealistak, batzuk bere horretan daude, beste batzuk ez, miniaturazko etxe bat izanda, ezin gara bertan sartu, baina bertako gauzak manipulatu ditzakegu”. Azala oso sugerentea iruditzen zaiola iritzi dio Martinezek.

Pertsonaiei dagokienez, desberdinak direla nabarmendu du egileak, “adibidez, bere bikote harremana salbatzeko koltxoia aldatzea erabakitzen duen pertsona topatu dezakegu, edo bere alaba txikiaren sozializaziorekin batera galdera berriak sortzen zaizkion ama bat, familia argazki bat familiakide bakoitzaren ikuspegitik, jatorrizko etxera itzultzen den seme bat eta aita ezezagun bat topatzen duena, haur txiki bat ezagutzen ez duen herri batera joaten dena uda pasatzera…”.

You may also like

Koban taldeak ‘Anestesia digitala’ izeneko kantua aurkeztu du
Posted on 2020-03-17 by KulturSharea
Larraitz Zuazok zuzendutako bideo honekin, taldeak elektroswinga alde [...]
Izarok ‘Libre’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2020-02-28 by KulturSharea
Izaro Andresek (Mallabia, 1993) Limones de invierno hirugarren diskoa [...]
Saia Goait taldeak ‘Sushi’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2020-02-27 by KulturSharea
Iazko irailean taldearen izen bera daraman diskoa kaleratu zuten. Sei [...]
Alarma Morea taldeak ‘Azala’ izeneko abesti berria aurkeztu du
Posted on 2020-02-03 by KulturSharea
Ainhoa Plagarok, Uxue Plagarok eta Nere Dualek osatzen duten Alarma [...]
Willis Drummond taldeak ‘Bigarren aukera’ bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2020-01-29 by KulturSharea
Willis Drummond taldeak Zugzwang diskoa argitaratu zuen pasa den [...]

Page 36 of 57

Zabaldu: