Euskal zinemaren aitortza eta emakume profesionalen aldarria, Gala Handian

Posted on 2026-09-25 by KulturSharea

Jose Ramon Soroiz, Ana Diez, Aitziber Garmendia, Alauda Ruiz de Azua eta Alberto Gastesi saritu dituzte Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Gala Handian. Sari banaketarekin batera, emakume profesionalek euskal zineman duten lekua aldarrikatu zuen Itziar Aizpuruk.

Euskal zinemagintzako hainbat profesionalen lana aitortu zuten atzo Victoria Eugenia antzokian egindako Euskal Zinemaren Gala Handian. Miren Gaztañagak eta Ane Gabarain aktoreek gidatutako ekitaldian sei sari banatu zituzten, ibilbide profesionalak, interpretazioa, gidoigintza eta sorkuntza berria aitortzeko.

Jose Ramon Soroizek Zinemira Saria jaso zuen, euskal zinemagintzan egindako lau hamarkadatik gorako ibilbideagatik. Zorion Egileor eta Kandido Urangaren eskutik jaso zuen saria. Bere ibilbidean bereziki esanguratsuak izan diren hiru filmen zuzendariak ere aipatu zituen: Juan Miguel Gutierrez, Balantzatxoa (1977) filmaren zuzendaria; Karlos Zabala eta Eneko Olasagasti, Maité (1994) zuzendu zutenak; eta Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, Maspalomas (2025) lanaren zuzendariak. “Maite zaituztet”, esan zien. Saria, azkenik, bere ibilbidean alboan izan dituen guztiekin partekatu zuen.

Ana Diezek Euskadiko Filmategia Saria jaso zuen. Zinemagile nafarraren Ander eta Yul filma zaharberrituta itzuli da aurten Zinemaldira, estreinatu eta ia lau hamarkadara. Aitziber Garmendiak, berriz, Euskal Aktoreen Batasunaren Distira Saria jaso zuen bere interpretazio ibilbideagatik. Alauda Ruiz de Azuari GIDOI + SGAE saria eman zioten Los domingos filmaren gidoiagatik, eta Alberto Gastesik EITB Egile Berriak Saria eskuratu zuen.

Los domingos filmak beste aitortza bat ere jaso zuen: EZAE saria, euskal ekoizpenen artean zinema aretoetara ikusle gehien eraman duen lana izateagatik.

Sariez gain, emakume profesionalek euskal zineman duten lekua aldarrikatzeko tartea ere izan zen galan. Itziar Aizpuruak ireki zuen ekitaldia eta emakume izanik eta euskaraz lan egiteak dituen zailtasunak aipatu zituen. Emakume profesionalak euskal zinemaren parte direla nabarmendu zuen. Ondorengo belaunaldientzat erreferente izateko, beren istorioak kontatzen jarraitzeko nahia adierazi zuen aktoreak, “hemen jarraitzen dugun bitartean gure historiak aurrera jarraituko du. Gurea, guretik, gurekin. Gora emakume profesionalak eta gora euskal zinema!”, bukatu zuen.

You may also like

Izarok Lara Izagirreren ‘Nora’ filmerako sortu duen kanta aurkeztu du
Posted on 2021-07-07 by KulturSharea
Lara Izagirrek zuzendutako filma irailaren 3an helduko da zinema aretoetara.
‘Klik!’ web-seriea estreinatuko dute martxoaren 16an
Posted on 2021-03-12 by KulturSharea
Umorea eta pop kulturako elementuak erabiliz, alternatiba [...]
‘Erlauntza’ filmaren trailerra ikusgai
Posted on 2020-10-26 by KulturSharea
Erlauntza filma azaroaren 6an estreinatuko da eta Kepa Errastik eta [...]
Gau Beltzaren inguruan sortutako dokumentala plazaratu du Topaguneak
Posted on 2020-10-05 by KulturSharea
Kalabazak hustu, kandelak piztu… Gau Beltza urriaren 31ren bueltan [...]
Gasteizko gazte sortzaileen inguruko ‘Orainaldian. Laissez Faire’ dokumentala
Posted on 2020-04-10 by KulturSharea
Gasteizko gazte sortzaileen inguruko Orainaldian. Laissez Faire [...]
Jon Abrilek zuzendutako’Neskatoak’ dokumentala ikusgai
Posted on 2020-03-20 by KulturSharea
Jon Abril beratarrak zuzendutako Neskatoak dokumentala ikusgai duzue [...]
13. Huhezineman film laburrak aurkezteko epea zabalik da
Posted on 2019-12-10 by KulturSharea
Antolatzaileek bestalde, edizio honetarako kartela aukeratzeko [...]
‘Sagarraren denbora’ dokumentala osorik
Posted on 2019-10-10 by KulturSharea
Josu Martinez eta Txaber Larreategi zinemagileek zuzendu zuten [...]

Page 3 of 5

Zabaldu: