Flavio Banterla musikari italiarrak ‘Nor Naiz Ni Zein Zara Zu’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu

Posted on 2023-02-09 by KulturSharea

Musikariak aurten kaleratuko du bere lehen diskoa. Bideoklipak Huhezinemako euskarazko bideoklip onenaren saria eskuratu zuen joan den urtarrilean.

Askok Esne beltza taldearen Gogoak abestirako egindako kolaborazioagatik ezagutuko dute Flavio Banterla. Musikari italiarra Erasmus beka batekin iritsi zen Donostiara. Hutsetik hasi eta Euskal Herrian bizitzen geratzea erabaki zuen. Orain, aurten kaleratuko duen bere lehen diskoaren aurrerapen kanta aurkeztu du NNN ZZZ (Nor Naiz Ni Zein Zara Zu) izenpean.

Abesti honen hitzak Ovidioren Metamorfosiak testuaren egokitzapen bat dira, “gizakiaren mito batzuk eta termodinamikaren lehen legeak esaten duten moduan, forma aldatu arren, denak bere horretan dirau”, azaldu du.

Banterlak gizakien izaera arretaz behatzea du gustuko, eta bere lan pertsonal eta artistikoan adimenetik haratago egiten du bilaketa: “nortzuk gara uste dugun horretatik haratago?”.

Lan berri honetan Maider Zabalegi kantariak eta Tolosako Et Incarnatus Orkestrak parte hartu dute eta baita Lekeitioko saxofoi jolea eta Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolako irakaslea den Gorka Benitezek ere.

Garate eta Aieka estudioetan grabatu dute kanta, Javeta Lopezek egin du nahasketa Vumeter estudioan eta Estanis Elorzak masterizatu du Dr. Masterren.

Bideoklipari dagokionez, haur baten eta buruhandi baten arteko adiskidetasun istorioa kontatzen du. Ipuin zoriontsu, triste eta itxaropentsu honetan musikariak honakoa adierazten du, “ezer ez da sortzen, ezer ez da suntsitzen, dena eraldatzen da”. Aktore nagusia Mateo da, Flavioren semea. Aitor Arrutik zuzendutako bideoklip hau Zaldibian grabatu dute, bertan bizi da italiarra bere emaztearekin eta seme-alabekin.

Bideoklipak Huhezinemako euskarazko bideoklip onenaren saria eskuratu zuen joan den urtarrilean.

You may also like

‘Beldurrik gabe’ izeneko kantua aurkeztu du Xatiro raperoak
Posted on 2019-04-09 by KulturSharea
Bilboko abeslariak otsailean abiatutako proiektuaren bigarren kantua [...]
Nøgen taldeko ‘Keari’ abestiaren bideoklipa
Posted on 2019-04-08 by KulturSharea
Keari ‘Liv til døden diskoko Keari abestiaren bideoklipa aurkeztu du [...]
“Sormen begirada anitza, landua eta kalitate handikoa” Loraldia jaialdian
Posted on 2019-04-08 by KulturSharea
Loraldia jaialdiaren bosgarren edizioa amaituta, balantzea egiteko [...]

Page 48 of 57

Zabaldu: