Gizon izateko agindua auzitan jarri du Aritz Galarragak ‘Izan gizona’ saiakeran

Posted on 2026-09-17 by KulturSharea

Gizontasuna nola eraikitzen den eta gizarteak ezarritako gizon ereduak emakumeei ez ezik gizonei eurei ere nola eragiten dien aztertu du Aritz Galarragak Izan gizona liburuan. Alberdaniak argitaratutako saiakerak autobiografia du abiapuntu, maskulinitate hegemonikoaren eraikuntzari eta hartatik askatzeko aukerei buruz hausnartzeko.

“Gizon bat ez da gizon jaiotzen, gizon bilakatzen da”. Simone de Beauvoirren ideia ezagunetik abiatu da Aritz Galarraga Izan gizona saiakera idazteko, eta hortik dator liburuak mahai gainean jartzen duen galdera nagusia: nola eraikitzen da gizontasuna? Jaiotzatik helduarora bitartean gizon izateko modua taxutzen duten espazio eta harremanei begiratu die egileak, bere esperientzia pertsonala hari gisa hartuta.

Liburuaren izenburuak berak laburbiltzen du planteamenduaren parte bat. “Izan gizona. Agindu bat da, ez aukera bat”, dio Galarragak. Familia, eskola, lagunartea, maitasuna, sozializazioa eta gerra-kultura aztertzen ditu gizarteak nagusitzat ezarritako gizon eredua nola eraikitzen den erakusteko. Eredu horretatik aldentzea zaila dela dio, eta haren ondorioak ez dituztela emakumeek bakarrik pairatzen: gizonen askatasuna ere mugatzen du, rol zurrunetara behartuta.

Autobiografia baliatu du prozesu hori konkretura eramateko. “Ez bereziki interesatzen zaidalako nire bizitza, ez bereziki berezia delako; kontrara, gizon arrunt askoren biografiak erreplika ditzakeela uste dudalako”, azaldu du. Haurtzaroa, gaztaroa eta helduaroa zeharkatzen ditu horretarako, besteak beste mutilen arteko larderia, gorputzaren gaineko presioa, emozioak isilaraztea, aitatasuna eta generoari buruz jasotako ideiak aztertuz.

Gorka Bereziartua editoreak ere liburuaren izaera arrunt hori nabarmendu du: “Ez da indar erakustaldi bat, ezta heroi baten ibilbidea ere”. Haren hitzetan, gizon bilakatzeko prozesua erakusten duen kontakizuna da, “desiraren, beldurraren, lotsaren, aurreiritzien eta onarpenaren arteko bidaia bat”.

Galarragak, ordea, ez du gizontasun hegemonikoaren diagnostikoan geratu nahi. Gizonezkoak emakumeen zapalkuntza sostengatzen duen sistema patriarkaletik nola aska daitezkeen ere planteatzen du. “Historiako iraultza handienetan gizonek protagonismo nabarmena izan dute; zergatik ez, orduan, gure garaiko eraldaketa sakonenetako batean, feminismoaren eskutik datorrenean ere parte hartzen hasi?”, galdetu du.

You may also like

Nøgen taldeak ‘Zeri Begira Hartu Nahi Duzu Lo?’ kanta aurkeztu du
Posted on 2020-10-23 by KulturSharea
Nøgen taldearen single berria dugu Zeri Begira Hartu Nahi Duzu Lo? [...]
Gau Beltzaren inguruan sortutako dokumentala plazaratu du Topaguneak
Posted on 2020-10-05 by KulturSharea
Kalabazak hustu, kandelak piztu… Gau Beltza urriaren 31ren bueltan [...]
Keu Agirretxeak ‘Geruzak’ kanta plazaratu du
Posted on 2020-10-05 by KulturSharea
Ondarroan bertan grabatu dute Geruzak kantaren bideoklipa, Eneritz [...]
Gatom rap abeslariak ‘Non Gauz’ abestia aurkeztu du
Posted on 2020-09-23 by KulturSharea
Gatom Bermeoko rap abeslariak Non Gauz izeneko kantu berria aurkeztu [...]
BBAX taldea: ‘Nik ez dut nehor maite’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2020-09-17 by KulturSharea
Behi Bideko Andere Xuriak (BBAX) taldeak t'mAmAztAng"t disko berriko [...]
Denda baten kronika literarioa ondu du Uxue Alberdi idazleak
Posted on 2020-09-16 by KulturSharea
Alberdik inoiz idatzi duen libururik umoretsuena dela aitortu du, [...]
Berri Txarrak taldea Vianako Printzea Sarirako hautagaia
Posted on 2020-07-16 by KulturSharea
Nafarroako Gobernuak ostiralean, hilak 17, jakitera emango du nork [...]

Page 35 of 63

Zabaldu: