Gizon izateko agindua auzitan jarri du Aritz Galarragak ‘Izan gizona’ saiakeran

Posted on 2026-09-17 by KulturSharea

Gizontasuna nola eraikitzen den eta gizarteak ezarritako gizon ereduak emakumeei ez ezik gizonei eurei ere nola eragiten dien aztertu du Aritz Galarragak Izan gizona liburuan. Alberdaniak argitaratutako saiakerak autobiografia du abiapuntu, maskulinitate hegemonikoaren eraikuntzari eta hartatik askatzeko aukerei buruz hausnartzeko.

“Gizon bat ez da gizon jaiotzen, gizon bilakatzen da”. Simone de Beauvoirren ideia ezagunetik abiatu da Aritz Galarraga Izan gizona saiakera idazteko, eta hortik dator liburuak mahai gainean jartzen duen galdera nagusia: nola eraikitzen da gizontasuna? Jaiotzatik helduarora bitartean gizon izateko modua taxutzen duten espazio eta harremanei begiratu die egileak, bere esperientzia pertsonala hari gisa hartuta.

Liburuaren izenburuak berak laburbiltzen du planteamenduaren parte bat. “Izan gizona. Agindu bat da, ez aukera bat”, dio Galarragak. Familia, eskola, lagunartea, maitasuna, sozializazioa eta gerra-kultura aztertzen ditu gizarteak nagusitzat ezarritako gizon eredua nola eraikitzen den erakusteko. Eredu horretatik aldentzea zaila dela dio, eta haren ondorioak ez dituztela emakumeek bakarrik pairatzen: gizonen askatasuna ere mugatzen du, rol zurrunetara behartuta.

Autobiografia baliatu du prozesu hori konkretura eramateko. “Ez bereziki interesatzen zaidalako nire bizitza, ez bereziki berezia delako; kontrara, gizon arrunt askoren biografiak erreplika ditzakeela uste dudalako”, azaldu du. Haurtzaroa, gaztaroa eta helduaroa zeharkatzen ditu horretarako, besteak beste mutilen arteko larderia, gorputzaren gaineko presioa, emozioak isilaraztea, aitatasuna eta generoari buruz jasotako ideiak aztertuz.

Gorka Bereziartua editoreak ere liburuaren izaera arrunt hori nabarmendu du: “Ez da indar erakustaldi bat, ezta heroi baten ibilbidea ere”. Haren hitzetan, gizon bilakatzeko prozesua erakusten duen kontakizuna da, “desiraren, beldurraren, lotsaren, aurreiritzien eta onarpenaren arteko bidaia bat”.

Galarragak, ordea, ez du gizontasun hegemonikoaren diagnostikoan geratu nahi. Gizonezkoak emakumeen zapalkuntza sostengatzen duen sistema patriarkaletik nola aska daitezkeen ere planteatzen du. “Historiako iraultza handienetan gizonek protagonismo nabarmena izan dute; zergatik ez, orduan, gure garaiko eraldaketa sakonenetako batean, feminismoaren eskutik datorrenean ere parte hartzen hasi?”, galdetu du.

You may also like

Adrenalized taldearen ‘Gezurra ari du’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2019-02-18 by KulturSharea
Adrenalized taldearen Operation Exodus laneko kantua dugu Gezurra ari [...]
Bertso barnetegia iruditan
Posted on 2019-02-18 by KulturSharea
Negusko bertso barnetegian asteburu honetan jasotako irudi batzuk [...]
‘Gogoaren indarra’ kantua sortu du Itziarren Semeak taldeak
Posted on 2019-02-15 by KulturSharea
Gogoaren indarra kantua sortu du Itziarren Semeak taldeak, Iñigo [...]
Errusiako urriko iraultzari buruzko filma proiektatuko dute Tabakaleran
Posted on 2019-02-15 by KulturSharea
  The Anniversary of the Revolution (1918) filma proiektatuko [...]
‘Azeri eta Herio’, Niña Coyote eta Chico Tornadoren disko berriko aurrerapen kantua
Posted on 2019-02-08 by KulturSharea
Niña Coyote eta Chico Tornadoren Aitzstar diskoko aurrerapen kantua [...]
‘Enarak diote’ Nabil taldearen bideoklip berria ikusgai
Posted on 2019-02-01 by KulturSharea
Lekeitioko Nabil taldeak otsailaren 14an argitaratuko du Eter, euren [...]
Deiedratarrök taldearen ´Khantore Bakartiak´ lana osorik entzungai
Posted on 2019-01-30 by KulturSharea
Deiedratarrök taldeak ´Khantore Bakartiak´ izeneko lan berria [...]

Page 57 of 63

Zabaldu: