Gorka Etxebarriak Herri Batasunaren sorreraren testuinguru historikoa aztertu du ‘Izan zitekeena’ saiakeran

Euskal Herriko trantsizio garaiko mugimendu politiko, sozial eta kulturalak aztertu ditu, baita Herri Batasunaren sorreran gurutzatu ziren askotariko eragin ideologikoak ere.

Gorka Etxebarria Dueñasek (Gasteiz, 1988) Euskal Herriko trantsizio garaiari erreparatu dio Izan zitekeena. Herri Batasuna eta espainiar trantsizioa (Alberdania) saiakeran. Liburuak Herri Batasuna du abiapuntu, baina egilearen asmoa ez da koalizioaren historia hutsa egitea: hura sortzea eta finkatzea posible egin zuen testuinguru historiko, politiko, sozial eta kulturala aztertzea baizik.

1978an kokatzen da koalizioaren sorrera, baina Etxebarriak aurreko hamarkadetara ere jo du haren erro historikoak aztertzeko. 1960ko hamarkadara eta, zenbaitetan, frankismoaren hasierara egin du atzera, ondoren 1970eko eta 1980ko hamarkadetako gertakarietara itzultzeko.

Ibilbide horretan, Herri Batasunaren sorreran zer korronte ideologikok eragin zuten aztertu du, baita Franco hil osteko baldintza historikoak nola interpretatu ziren eta Euskal Herri Langilearen kontzeptua nola eraiki zen ere. Koalizioak tradizio antifrankistarekin, langile mugimenduko eta auzo elkarteetako kultura asanblearioarekin, euskalduntasun existentzialistarekin eta kultur munduko mugimendu berriekin izandako harremanak ere jorratu ditu.

Egileak azaldu duenez, liburuaren asmoa Euskal Herrian trantsizioaren garaiaren ezagutzari eta ulermen historikoari ekarpena egitea da. Horretarako, euskal abertzaletasunaren eta espainiar nazionalismoaren arteko harreman diskurtsiboa aztertu du, estereotipoei, kontakizun nazionalei eta euskararen garrantziari erreparatuta.

Herri Batasunaren sorrerako eragin ideologikoak

Etxebarriak frankismoari eta haren krisiari buruz azken urteetan espainiar historiografian egindako ekarpenak ere baliatu ditu Hego Euskal Herriko egoera azaltzeko. Horien artean aipatzen ditu langile mugimenduaren eta alderdi iraultzaileen eragina, auzo elkarteek frankismoaren azken krisian izandako garrantzia eta literaturaren zein disidentzia kultural eta sozialaren eragina.

Alderdien barne aldizkariak eta bileren aktak erabilita, Herri Batasunaren sorreran eragin ideologiko ugari egon zirela azaltzen du. Horien artean daude Europako existentzialismoa, Gramsciren pentsamendua eta XIX. mendeko tradizio errepublikar-herritarra.

Diskurtso ideologikoen eta herritarren eguneroko bizimoduaren eta bizi espazioen arteko loturak ere bilatu ditu. Zehazki, herritarrak kultura politiko batekin edo bestearekin bizi diren ingurunearen arabera nola identifikatzen diren aztertu du, baita Herri Batasunak zein tokitan izan zuen arrakasta, zeinetan ez eta horren arrazoiak ere.

Liburuak ez du erantzun definitiborik eman nahi. Sinopsiak azaltzen duenez, irakurlea garaiari “barrutik” begiratzera gonbidatzen du, orduko zentzu markoak eta horizonteak aztertuz. Gertakari zehatzak eta protagonisten bizipenak uztartzen ditu, eta gertatu zenarekin batera, “izan zitezkeen —baina izan ez ziren— beste historiak” ere izendatzen ditu.

Kepa Matxain editoreak nabarmendu du liburuak Herri Batasunaren historia baino gehiago jasotzen duela. Haren hitzetan, koalizioa “izebergaren punta” da, eta liburuak 1978 inguruan Euskal Herrian, Estatu espainiarrean eta nazioartean gertatzen ari ziren mugimendu politiko eta ideologikoei erreparatzen die.

Hala, Izan zitekeena saiakerak Herri Batasunaren erroekin batera, Euskal Herriko historia garaikideko aldi baten azterketa proposatzen du.

You may also like

Mikel Markezen ‘Biribilean’ disko berriaren aurrerapen kantua: ‘Baina berdin dio’
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Joan den uztailean Oiartzungo Mecca estudioan, Biribilean izeneko [...]
‘Zaldi Urdina’ antzezlana urriaren 11an estreinatuko dute Luhuson
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek ‘Zaldi [...]
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da ‘Zulo’ film laburra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da Zulo, Amancay Gaztañaga [...]
‘Panpina’ antzezlanaren teaserra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Panpina antzezlanaren teaserra. Zuzendaria eta aktorea: Erika [...]
Keu Agirretxea: ‘Ura eta bakea’ disko berriaren aurkezpen kantua
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Ura eta bakea da Keu Agirretxeak azaroan argitaratuko duen diskoaren [...]
Gabezia taldearen ‘Gure Garaia’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2019-09-30 by KulturSharea
Gabezia taldeak Hazi izeneko lana kaleratuko du urriaren 13an eta Gure [...]
‘Dardara hura’ izeneko binilozko singlea aurkeztu du Don Inorrez taldeak
Posted on 2019-09-27 by KulturSharea
2016an Bide Ertzean taldeak atsedenaldi mugagabe bat iragarri [...]

Page 48 of 63

Zabaldu: