Iñaki Palacios txistulariak ‘Baltik’ diskoa plazaratu du The Gael’s taldearekin

Posted on 2021-02-12 by KulturSharea

Gasteizko musikariak Irlandako doinuetara garamatza oraingo honetan, bertako jende, pub eta tradizioetara. Diskoaren aurkezpen kontzertua, bihar, hilak 12, izango da Gasteizko Ur Biltegian.

Iñaki Palacios (Gasteiz, 1988) txistulariaren musika ibilbidea sendotzen doa poliki-poliki. Txistua jotzeaz harago doan musika egitea gustuko du, eta halaxe sortu ditu orain arte argitaratutako diskoak ere. 2017an sartu zen aurrenekoz estudio batera, Lurra, ardoa, dantza lehen diskoa grabatzeko. 2019an berriz, Harria diskoa plazaratu eta Iñaki Perurena eta Mulixka dantza taldearekin batera ikuskizun berezia taularatu zuen.

Baltik (Baga Biga) izeneko disko berriarekin, berriz, Irlandako doinuetara garamatza, bertako jende, pub eta tradizioetara, baina dena Europa iparraldean nagusi den ikuspegi musikal eklektiko batetik abiatuta. Txistulariak azaldu duenez, Baltik Irlandan erabiltzen den esamolde bat da eguraldi meteorologikoa txarra denean, hau da, hotz handia, euri etengabea eta haize jelatua, dena batera dagoenean. Musikalki, ordea, “Baltik diskoak ez du erakusten hoztasunik, ongi babestu da txistuaren zolitasuna, eta ez bakarrik ondoan dituen tresnekin, baita erakutsi nahi duen bi herrialdeen nortasun eta ezaugarri musikalekin, biak batuta; euskal eta zelta moldagarritasunak uztartuta, senidetuta”.

Hirugarren disko hau The Gael’s taldearekin sortu du, eta nabarmendu duenez, lanak ez du aurreko biekin zerikusirik, nahiz eta euskal musika tradizionala presente dagoen oraingoan ere.

Diskoak biltzen dituen bederatzi kantuak txistulariarenak dira, Step ahead izan ezik, Eskoziako Ali Levack-ena da azken hau. Palaciosek hainbat musikari izan ditu alboak lan berria ontzeko, horien artean daude: AMAK taldeko Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano Baltik abestian; Goiatz Dutto That boot is for me kantan eta Alan Dogherty We’ll toast together again abestian.

Diskoaren aurkezpen kontzertua, bihar, hilak 12, izango da Gasteizko Ur Biltegian.

You may also like

Izarok ‘Paris’ izeneko kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2019-12-04 by KulturSharea
Lan berria urtarrilaren 31n aurkeztuko duen arren, Durangoko Azokan [...]
Garik eta Josu Zabalak Kafe Antzokian eskainitako zuzenekoa disko batean bildu dute
Posted on 2019-12-03 by KulturSharea
Egun horretako oroigarri izateko asmoz, dator orain kaleratu berri [...]
Euskara hutsean dator Doctor Deseo taldearen ‘Maketoen Iraultza’ diskoa
Posted on 2019-12-03 by KulturSharea
Doctor Deseo taldearen hamazazpigarren diskoa dugu gaur, Bilbon, [...]
Eskafandra bildumak Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’ saiakera ekarri du euskarara
Posted on 2019-11-29 by KulturSharea
“Emakumea ez da jaiotzen. Egin egiten da”. Esaldi ezagun horrek [...]
Lotara joaterakoan, haurrei irakurtzeko ipuinak, poemak eta jolasak biltzen dituen liburua
Posted on 2019-11-29 by KulturSharea
Lotara joaterakoan, haurrei irakurtzeko ipuinak, poemak eta jolasak, [...]
Keu Agirretxea: “Gu han egon ginen” abestiaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2019-11-15 by KulturSharea
Keu Agirretxea musikariak gaur gauerdian Ura eta bakea izeneko disko [...]

Page 39 of 57

Zabaldu: