Iñigo Martinez Peñak pantailen garaipenari erreparatu dio kaleratu berri duen saiakeran

Posted on 2023-03-14 by KulturSharea

Idazleak 2021ean plazaratu zuen Mandamendu hipermodernoak saiakeraren jarraipena da Pantailen Garaipena izeneko lan berria.

Iñigo Martinez Peña filosofia irakasle eta idazleak (Gasteiz, 1975) Pantailen Garaipena, begiradaren totalitarismoaren kontra saiakera kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik. 2021ean plazaratutako Mandamendu hipermodernoak saiakeraren jarraipena da lan berria, eta, honetan, “gure garaian batez ere indarra daukaten bi kontu daudela planteatzen da: zifrak eta irudiak”, azaldu du idazleak.

Aurreko liburuan zifren eta zenbakien ideia aztertu zuen gasteiztarrak, oraingoan, berriz, irudien eta pantailen garaipenaren erpina izan du kontuan, “azken batean, zifrak izan edo irudiak izan, bietan hitzaren pobretzea dago. Zentzu horretan, pantailen presentziak gure eguneroko bizitza erabat harrapatu du”. Egilea kapituluz kapitulu begiradaren eta horretan txertaturik dauden pantailen garaipena aztertzen saiatu da liburuan, ia espazialki puntu kardinal desberdinak aztertuz, “izan Goitik behera kapituluan, satelitea guri begira, izan Barrura begira atala eta bertan azaltzen diren eskanerrak eta erresonantzia magnetikoak, izan Atzera begira eta memoria zibernetikoan nola guk geuk batu egiten dugun argazkia eta bideoa agian gero berriro ere ikusteko tarterik izango ez badugu ere, izan Aurrera begira kapituluan  eta bertan ageri den bizitzaren aurreikuspen digitala, gure edozein aztarna nolabait harrapatzeko prest, gero erosketa proposatzeko eta etorkizunezko merkantziak guri saltzeko, edo izan Ispiluaren aurrean nolabaiteko selfien garrantzia azaltzeko. Harritzen nauena da zenbat hildako egon diren selfie borobil baten bila azken urteetan”, azaldu du Martinezek.

Liburuan bada Begiak edonon izeneko beste kapitulu bat. Honetan, hiriak kamerez beteak daudela azaltzen da, baita lanpostuetan ere. Idazleak une oro begirada baten menpe egotearen ondorio psikologikoa zein den planteatzen du atal honetan.

Egileak uste duenez, “bigilantziaren gizarteak konfiantzaren krisia ekarri du”, eta liburuaren amaieran bide bat utzi nahi izan dio erresistentzia guneak pentsatzeari. Hala, ikusezinaren aldeko aldarria egiten du, “ikusezina pedagogian, zer inportantea den haurrentzako ez egotea une oro nagusi baten begiradapean, ikusezina politikan eta agian ikusezina ere erotikan gizarte pornografikoari pixka bat aurre eginez”.

Olatz Mitxelena filosofo eta idazleak idatzi du liburuaren hitzaurrea eta halaxe dio bertan: “Iñigo Martinez Peñak begi zorrotza duela esan nezake eta gure gizartearen argazki izugarria eskaintzen digula, baina nahiago dut esan usaimen fina duela. Eta ezin uka: usain txarra du bizi garen gizarteak. Liburuan aurrera egin ahala, kiratsa: botereak erabat garden nahi gaitu, boterea bera sekula garden izango ez den arren; kaleak eta lanpostuak bideozaintzaz beteta dauzkagu eta etengabe zelatatzen gaituzte; nahiago dugu GPSari itsatsita egin bidea, bila gabiltzana non dagoen ingurukoren bati galdetu baino; kaleak gehiegi argiztatzeak loaren kalitatean eragiten digu, besteak beste; paisaia edo leku berri batera iritsita, hura argazkietan jasotzen tematzen gara, momentua disfrutatzea ahaztuta; giza jokabideen determinismoa aurreikusten ahalegintzen gara, erabakiak hartzeak dakarren erantzukizunak izututa-edo. Kaleidoskopio zoro batean bizi gara.

Liburuko lerroetan ez dago, ordea, galdutako paradisuen nostalgiarik, iragandako garaietara itzultzeko gogorik: garai guztiek dituzte beren argi-ilunak, beren lurrin eta kiratsak. Hauxe da guri egokitu zaiguna. Gakoa begirada aztertzea da, eta aldatzea: nola egin bizigarriago bizi dugun mundu hau? Nola berreskuratu, begiaz harago, gorputz osoa? Nola lortu komunitatearen indarra? Ahazteko eskubidea? Etorkizun posible guztiak irudikatzekoa? Nola urratu erabakien eta erantzukizunen bideak? Konfiantzarenak? Nola jarraitu elkarrizketan?”.

You may also like

‘Sorginen larrea’ izeneko lan berriarekin dator Daroa
Posted on 2019-09-09 by KulturSharea
Itsutu nintzen kantuaren ostean dator talde donostiarraren Sorginen [...]
“Igual no es tan difícil como dicen!” dokumentala
Posted on 2019-09-04 by KulturSharea
Malerrekako Euskara Zerbitzua eta Bortzirietako Euskara [...]
‘Alarma Morea ‘Ez beti da ez’ kantua eraso sexisten aurka
Posted on 2019-07-24 by KulturSharea
'Alarma morea. Ez beti da ez’ abestia sortu dute Zumarragan eraso [...]
Galtzagorriak ‘Pausoak Aurrera’ kantua
Posted on 2019-07-24 by KulturSharea
Abestia Peio Skalarik grabatu du Estudio Bat-en. Kaki Arkarazok [...]
Orgen festa Baztanen
Posted on 2019-07-22 by KulturSharea
(Musika: Kerobia, Esne Zopak / Irudiak: Ainhoa Lores) Zigako orgak [...]
‘El que fuma, bebe y canta’ proiektua aurkeztu du Sarrionandiak
Posted on 2019-07-19 by KulturSharea
Canciones de Ray Fernandez: El que fuma, bebe y canta hiru [...]
Baztandarren Biltzarra egingo dute igandean, Elizondon
Posted on 2019-07-19 by KulturSharea
“Karrozak eta musika”, “baserritarrez beztitzen gara”, “besta, besta [...]
‘Hau da ene ondasun guzia’ dokumentala ikusgai
Posted on 2019-07-19 by KulturSharea
Ipar Euskal Herrian bizi diren bost lagunen lekukotasunak bildu ditu [...]
‘Hozkailua’ antzerki obra osorik ikusgai
Posted on 2019-07-18 by KulturSharea
Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. [...]

Page 44 of 57

Zabaldu: