Iragan hurbila gure orainera ekarri du Xabier Mendigurenek ‘Oso latza izan da’ eleberrian

Posted on 2023-09-20 by KulturSharea

Lanak Joxe Arregiren atxiloketatik heriotzara biderako aldia eta lurperatu ondoren, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia kontatzen du.

Ohituta gaude Xabier Mendiguren editore lanetan ikusten liburu aurkezpenetan, oraingoan, baina, bera izan da protagonista eta bere azken eleberria eskuartean zuela agertu da Elkarrek Donostiako Fermin Kalbeton kalean duen dendan. Idazleak Oso latza izan da nobela aurkeztu du goizean, Antxiñe Mendizabal editorea alboan zuela. Bere bederatzigarren nobela da kaleratutakoa, azkena 2018an argitaratu zuen Zu entzuteko gaude izenburupean.

Liburu berriak Joxe Arregiren atxiloketatik heriotzara biderako aldia eta lurperatu ondoren, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia kontatzen du.

1981eko otsailean Joxe Arregi zizurkildarra Madrilen atxilotu zuten eta handik hamar egunera azken arnasa eman zuen, jasandako tratuaren ondorioz. Hilketaren kontra altxatu ziren ahotsak gorpua lurperatzearekin batera isildu nahi izan zituzten ordenaren zaintzaileek, baina zenbait lagunek isilpeko plana antolatu zuten, hilotz hori hilobitik jaso, hilkutxatik atera eta bere biluztasun lazgarrian argazkiak egiteko, torturaren gordina begien bistan jartzearren, ez ikusiarena egin nahi zutenentzat ere. Egilearen esanetan, “ezkutuan eta isilpean ateratako argazki horiek gorpu hori ez zela heriotza naturalez hildako gorpua, baizik tortura sufritutakoa zela munduari erakusteko izan ziren”.

Mendigurenek paraleloki hiru pertsonaren bizitzari buruzkoak kontatu ditu liburuan, euren jaiotzetatik ordura artekora: “Bat Joxe Arregi bera da eta besteak argazkiak egin zituztenak dira, bata Juan Kruz Unzurrunzaga arte galerista eta bestea Bixente Ameztoy margolaria”. Idazlearen iritziz, “hirurak oso nortasun diferenteak zituzten eta aldi berean erakargarriak”.

Liburua memoria egiteko ariketa bat dela dio egileak, “oroitzapen bat, baina modu literarioan idatzita”. Idazleak oraingoan ez du fikziorik idatzi, baina idazteko modua nobelista batena dela nabarmendu nahi izan du.

Mendigurenek liburua ontzerako orduan, egiazko gertakariak bildu, bizirik jarraitzen duten lekukoak elkarrizketatu, protagonisten biografiak eraiki, eta kontakizun zirraragarri bat ondu du. Liburuak kazetaritzako kronikaren osagaiak ditu, baina fikziozko idazlearen baliabideekin moldatua. Iragan hurbila gure orainera ekarriz, ahanzturaren ilunpera kondenatu nahi izan den historiaren zati horri literatura istorio baten taupada eta dardara itzuliz.

You may also like

Neomak taldeak ‘Ilargi berriak’ aurkezpen kantua eta bideoklipa argitaratu ditu
Posted on 2022-02-01 by KulturSharea
Orain arte ezarritakoa hausteko asmoz, tradiziotik datozen kontu [...]
Koldo Izagirrek eta Juan Luis Zabalak ‘Txillardegi’-ren kronikak bildu dituzte liburu batean
Posted on 2022-01-25 by KulturSharea
Koldo Izagirrek eta Juan Luis Zabalak Txillardegi-k 1968. eta 1986. [...]
Korrikak baditu kantua eta bideoklipa, Sustrai Colinak idatzi du letra eta Nerea Urbizurena da musika
Posted on 2021-12-16 by KulturSharea
Sustrai Colina bertsolariak idatzi du HitzEkin abestiaren letra eta [...]

Page 16 of 57

Zabaldu: