Itxaron zerrenda zabalik da ‘Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastarorako

Posted on 2019-01-14 by KulturSharea

(Bideoa eta testua: Jakin aldizkaria

 

Urtarrilean hasita, bost saioko ikastaroa antolatu dute elkarlanean UEUk, Gabriel Aresti Euskaltegiak, Bilboko Kafe Antzokiak eta Jakinek. Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko elkargune eta harremanez jardungo du ikastaroak, eta, bakarka nahiz solasaldian, zazpi hizlariri egingo die lekua: Idurre Eskisabel Larrañaga, Lorea Agirre Dorronsoro, Saioa Iraola Urkiola, Jaime Altuna Ramirez, Aizpea Otaegi Mitxelena, Itziar Gandarias Goikoetxea eta Amelia Barquín Lópezi.

Hilabetearen hondarreko astelehenetan egingo dira saioak Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etatik aurrera. Lehen saioa urtarrilaren 28an izango da, Idurre Eskisabel Larrañaga eta Lorea Agirre Dorronsororekin. Lekuak agortuta, itxaron zerrenda zabalik da UEUren gunean.

Ahalduntzearen bi alabak

Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla. Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, euskara eta generoa, menderakuntzaren alaba izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira ahalduntzearen bi alabak.

Bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzatzen diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen digun mahai gainean jartzea da ”Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu” ikastaroaren helburua.

Norbere ertzetik: hizlari eta ikasleak

Hizlari bakoitzak ertz jakin batetik landuko du gaia, elkarren osagarri. Lehen saioan, Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta EHUko irakasleak eta Lorea Agirre Dorronsoro kazetari eta Jakineko zuzendariak, ‘Euskaltzaletasuna eta Feminismoa, ahalduntzeko elkargunea’ hitzaldia eskainiko dute euskararen eta feminismoaren arteko harremanez, azpiratze eta aukeraz aritzeko.

Otsailaren 25ean hartuko diete lekukoa Jaime Altuna Ramirez soziologoak eta Aizpea Otaegi Mitxelena Elhuyarreko kideak. Maila teorikoa eta praktikoa uztartzeaz gain, hizkuntzaren eta generoaren arteko loturez jardungo dute solasaldian, norbere esperientziatik eta lan-esparruetatik.

Euskal Herriko Bilgune Feministako Saioa Iraola Urkiolaren txanda izango da martxoaren 25ean, euskararen eta feminismoaren genealogia aztertzeko. Bien arteko hartu-emanaz eskainiko du hitzaldia. Ildo beretik joko du Itziar Gandarias psikologia sozialeko Deustuko Unibertsitateko irakasleak, Bilboko feminista taldeetako esperientzia baliatuta.

Azkenik, Amelia Barquín López Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasleak hitzaldia eskaini du euskara ez-sexista nola erabili dezakegun azaltzeko. Adibidez beteko solasaldia eskaini du Barquínek maiatzaren 27an. Gainera, azken saioa izaki, Ane Labaka Mayozek eta Bea Egizabal Ollokiegik ‘Erradikalak ginen’ bertso-antzerki ikuskizuna eskainiko dute, ‘Erradikalak gara’ ikuskizunaren jarraipena.

Ikasleek ere izango dute hitza hartzeko aukera galdera eta iradokizunekin, parte-hartzea bultzatzea izango baita helburuetako bat. Horretaz gain, ikasleentzat berarientzat prestatutako materiala banatuko da.

 

Lekuak agortuta

Ikastaro hau UEUk, Jakin Aldizkariak, Gabriel Aresti Euskaltegiak eta Bilboko Kafe Antzokiak elkarlanean antolatu dute, eta orainpekoa da: 30 euroko ordainduko ditu ikasleak ikastaro osoarengatik; saio bakarrera etorri nahi izanez gero, 10 euro ordaindu beharko ditu.

90 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Beraz, itxaron zerrenda zabaldu du UEUk ohiko matrikulazio atarian, hemen.

You may also like

‘Eguzki argitan’: Eñaut Elorrietak azaroan argitaratuko duen diskoaren kantua
Posted on 2019-10-22 by KulturSharea
Azaroaren 8an argitaratuko du Eñaut Elorrietak bere bakarkako bigarren [...]
Hibai & the Basauri prison folkies.en ‘Gaubaltz’ kantua
Posted on 2019-10-21 by KulturSharea
Hibai Aiestaranek komposatutako Gaubaltz abestiak tradizio honen parte [...]
‘Etxeak eta Hilobiak’ izeneko eleberria aurkeztu du Bernardo Atxagak Pamiela Etxea
Posted on 2019-10-16 by KulturSharea
Bernardo Atxagak agur esango dio eleberrigintzari gaur aurkeztu duen [...]
Sharon Stoner taldearen ‘Sateliteak’ disko berriaren aurrerapen kantua
Posted on 2019-10-15 by KulturSharea
Bueltan da Sharon Stoner talde oñatiarra. 2012an Puntu bakar batean [...]
‘Ezpainetan odola’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du Skakeitanek
Posted on 2019-10-11 by KulturSharea
Donostian sortutako taldeak Nola galdu denbora izenpean, laugarren [...]
‘Sagarraren denbora’ dokumentala osorik
Posted on 2019-10-10 by KulturSharea
Josu Martinez eta Txaber Larreategi zinemagileek zuzendu zuten [...]

Page 41 of 57

Zabaldu: