Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak “d” letraz hasten diren hitzekin osatu dute ‘Dudak dakarrena’

Posted on 2026-11-05 by KulturSharea

Pamiela argitaletxearen eskutik kaleratu dute liburua. Umorea eta prosa poetikoa uztartzen dituen kontakizuneko hitz guztiak d letraz hasten dira.

Nobela oso bat d letraz hasten diren hitzekin idaztea posible al da? Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak horixe egin dute Dudak dakarrena eleberrian. Bigara diziplinarteko bikoa osatzen duten sortzaileek hizkuntzaren erabilera berezia duen lana ondu dute, hitz guztiak letra berarekin hasteko baldintzapean.

Dudak dakarrena “drama dibertigarria da”, dio Aranburuk. Kontakizunean dromedario bat agertzen da Donostiako denda batean, eta haren jatorria ikertzen hasten dira, doktore baten eta detektibe baten laguntzarekin. Abentura hori zalantzaren defentsa egiteko abiapuntua da, determinismoaren eta diskurtso nagusien aurrean. Denboraren joana, desagerpena eta desmemoria ere lantzen ditu liburuak.

Egileek azaldu dutenez, d letrarekin soilik idazteko erronkak aukera berriak zabaldu dizkie. “Bestela esango genituzkeen gauzak esaten dira d-rekin hasten den liburu honetan”, adierazi dute. Euskarak halako kontakizun bat idazteko eskaintzen dituen aukerak deskubritzea “altxor bat aurkitzea” bezala deskribatu dute egileek.

Sormen-prozesuan, hiztegiko hitzek ere garrantzi handia izan dute. Azaldu dutenez, d letraz hasten diren 1.300 hitz inguru aurkitu zituzten hiztegian, eta egunerokoan erabiltzen diren beste batzuk ere baliatu dituzte. Hiztegiko hitzek istorioa bideratu dutela azaldu dute.

Liburuak ilustrazioak ere baditu, d letraren formak eta kontakizunaren ezaugarriak abiapuntu hartuta sortuak. Irudiak lantzeko hainbat aukera probatu dituzte, eta letra horrek leku eta garai desberdinetan hartu dituen formak ere jaso dituzte.

Aranburuk eta Garciak diseinuan, marrazkigintzan eta dramaturgian egiten dute lan, eta urteak daramatzate Donostian diseinua irakasten. Liburuaren sormen-prozesua Donostiako Okendo Kultur Etxean erakutsiko dute azaroaren 13tik urtarrilaren 9ra, testuaren egitura, hitzen lanketa eta ilustrazioen garapena ezagutarazteko. Erakusketaren barruan bi solasaldi ere egingo dituzte. Horrez gain, abenduaren 17an, “Diecisiete De Diciembren”, zehaztu dute, Dabadaban DJ dantzaldia antolatuko dute, egitasmoan parte hartu duten hainbat sortzaileren partehartzearekin. Durangoko Azokan ere aurkeztuko dute liburua.

You may also like

‘Beldurrik gabe’ izeneko kantua aurkeztu du Xatiro raperoak
Posted on 2019-04-09 by KulturSharea
Bilboko abeslariak otsailean abiatutako proiektuaren bigarren kantua [...]
Nøgen taldeko ‘Keari’ abestiaren bideoklipa
Posted on 2019-04-08 by KulturSharea
Keari ‘Liv til døden diskoko Keari abestiaren bideoklipa aurkeztu du [...]
“Sormen begirada anitza, landua eta kalitate handikoa” Loraldia jaialdian
Posted on 2019-04-08 by KulturSharea
Loraldia jaialdiaren bosgarren edizioa amaituta, balantzea egiteko [...]
Nerea Arrien idazlearen ‘Atrapa Eguna’ liburuaren komiki bertsioa
Posted on 2019-04-03 by KulturSharea
Antthony Saavedrak Nerea Arrien idazlearen Atrapa eguna liburuaren [...]
Micek ‘Ausardiarik ez’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2019-04-03 by KulturSharea
Miren Narbaizak bere bakarkako proiektuko lehen diskoa zabaltzen duen [...]
Herri Urrats 2019 jaialdiko bideoklipa
Posted on 2019-03-27 by KulturSharea
En Tol Sarmiento taldeak maiatzaren 12an Senperen izango den Herri [...]

Page 55 of 63

Zabaldu: