Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak “d” letraz hasten diren hitzekin osatu dute ‘Dudak dakarrena’

Posted on 2026-11-05 by KulturSharea

Pamiela argitaletxearen eskutik kaleratu dute liburua. Umorea eta prosa poetikoa uztartzen dituen kontakizuneko hitz guztiak d letraz hasten dira.

Nobela oso bat d letraz hasten diren hitzekin idaztea posible al da? Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak horixe egin dute Dudak dakarrena eleberrian. Bigara diziplinarteko bikoa osatzen duten sortzaileek hizkuntzaren erabilera berezia duen lana ondu dute, hitz guztiak letra berarekin hasteko baldintzapean.

Dudak dakarrena “drama dibertigarria da”, dio Aranburuk. Kontakizunean dromedario bat agertzen da Donostiako denda batean, eta haren jatorria ikertzen hasten dira, doktore baten eta detektibe baten laguntzarekin. Abentura hori zalantzaren defentsa egiteko abiapuntua da, determinismoaren eta diskurtso nagusien aurrean. Denboraren joana, desagerpena eta desmemoria ere lantzen ditu liburuak.

Egileek azaldu dutenez, d letrarekin soilik idazteko erronkak aukera berriak zabaldu dizkie. “Bestela esango genituzkeen gauzak esaten dira d-rekin hasten den liburu honetan”, adierazi dute. Euskarak halako kontakizun bat idazteko eskaintzen dituen aukerak deskubritzea “altxor bat aurkitzea” bezala deskribatu dute egileek.

Sormen-prozesuan, hiztegiko hitzek ere garrantzi handia izan dute. Azaldu dutenez, d letraz hasten diren 1.300 hitz inguru aurkitu zituzten hiztegian, eta egunerokoan erabiltzen diren beste batzuk ere baliatu dituzte. Hiztegiko hitzek istorioa bideratu dutela azaldu dute.

Liburuak ilustrazioak ere baditu, d letraren formak eta kontakizunaren ezaugarriak abiapuntu hartuta sortuak. Irudiak lantzeko hainbat aukera probatu dituzte, eta letra horrek leku eta garai desberdinetan hartu dituen formak ere jaso dituzte.

Aranburuk eta Garciak diseinuan, marrazkigintzan eta dramaturgian egiten dute lan, eta urteak daramatzate Donostian diseinua irakasten. Liburuaren sormen-prozesua Donostiako Okendo Kultur Etxean erakutsiko dute azaroaren 13tik urtarrilaren 9ra, testuaren egitura, hitzen lanketa eta ilustrazioen garapena ezagutarazteko. Erakusketaren barruan bi solasaldi ere egingo dituzte. Horrez gain, abenduaren 17an, “Diecisiete De Diciembren”, zehaztu dute, Dabadaban DJ dantzaldia antolatuko dute, egitasmoan parte hartu duten hainbat sortzaileren partehartzearekin. Durangoko Azokan ere aurkeztuko dute liburua.

You may also like

Maite Larbururen ‘Gona’ abestiaren bideoklipa
Posted on 2019-03-25 by KulturSharea
Maite Larbururen bakarkako lehen diskoa dugu 'Hezurren azpian'. Lana [...]
‘Irungo emakumeak plazara!’ (Trailerra)
Posted on 2019-03-07 by KulturSharea
Azken bi mendeetan Irungo herrian esanguratsuak izan diren zenbait [...]
‘Zabaldu ateak’ diskoa aurkeztu du Urtz taldeak
Posted on 2019-03-07 by KulturSharea
Laukotearen zortzigarren estudioko lana da Zabaldu ateak eta hamar [...]
Iñaki Larraiozek ‘Larra Bideak’ disko berriaren ‘Zerua’ aurrerapen kantua
Posted on 2019-03-07 by KulturSharea
Iñaki Larraioz musikari nafarraren lehen bakarkako proiektua da Larra [...]
Guda Dantza taldeak ‘Azken eztanda’ kantua orkestra batekin grabatu du
Posted on 2019-02-26 by KulturSharea
Uribe kostako taldea proiektu berri batekin bueltan da. Oraingoan, [...]
Nafarroako Malerreka eskualdeko bizimodua islatzen duen dokumentala
Posted on 2019-02-21 by KulturSharea
Malerreka, maldan goiti eta beheitiko kontuak erreka bazterreko [...]

Page 56 of 63

Zabaldu: