Korrikak baditu kantua eta bideoklipa, Sustrai Colinak idatzi du letra eta Nerea Urbizurena da musika

Posted on 2021-12-16 by KulturSharea

Sustrai Colina bertsolariak idatzi du HitzEkin abestiaren letra eta Nerea Urbizu musikaria izan da zuzendari artistikoa. Ane Garciak eta Anarik ere hartu dute parte kantuan.

Korrikaren 22. edizioa girotuko duen kanta aurkeztu dute arratsaldean, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan. Sustrai Colina bertsolariak idatzi du letra eta Nerea Urbizu musikaria izan da zuzendari artistikoa. Lekunberriko musikariarekin batera, Ane Garciak eta Anarik jarri diote ahotsa HitzEkin izeneko abestiari.

Pop doinuaz jantziriko kantak bideoklipa ere badu: bertan, jendartearen egungo errealitate desberdinak “korrika egiten” azaltzen dira, eta amaieran, jendea batuta, euskararen aldeko Korrikan hitz ekiteko prest. Eymard Uberetagoena (Tripulante Produce) aritu da bideokliparen ekoizle lanetan. Aurkezpenean, Asier Amondo Korrikaren arduradunak eta abestiaren eta bideokliparen egileek hartu dute parte.

Urbizuren esanetan, “abestia emozionala da, soziala. Pop kutsua dauka gehienbat, eta hiru adin desberdineko emakumek abestua da, gure helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzeko”. Mezuari dagokionez, Urbizuk azaldu du “irekia” izan arren, “balore garrantzitsuak” bultzatzen dituela: “ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea”.

Aurkezpenean, Uberetagoenak ekoiztutako bideoklipa ikusteko aukera ere izan dute gerturatutakoek. Horren harira, Urbizuk azaldu du “hainbat istorio biltzen dituen film laburra” dela, eta “jendeak korrika egiteko motibazio ezberdinak dituen moduan, gure Korrikarekin ere halako zerbait gertatzen da: sentsibilitate desberdineko jendea biltzen dituen arren, denoi eragiten digu indar bat, poz bat, babes bat”.

Amondok, bere aldetik, azpimarratu nahi izan du HitzEkin leloaren esanahia, abestiaren izenburua ere badena, “hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea”. Eta harago joan da, unea orain dela esanez, “euskara hitzetik ekintzara pasatzeko unea. Aldekotasunetik konpromisora jo behar da eta konpromisotik eragitera, erakunde orok urrats sendoagoak emateko jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko”.

You may also like

‘Sorgin Belarra’ eleberria ondu du Toti Martinez de Lezeak
Posted on 2019-11-14 by KulturSharea
XVI. mendera garamatza Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) [...]
Karmele Jaio idazleak ‘Aitaren Etxea’ izeneko eleberria kaleratu du
Posted on 2019-11-14 by KulturSharea
Aitaren Etxea (Elkar) izeneko eleberria kaleratu du Karmele Jaio [...]
Kaleko Urdangak taldeak ‘Morts pour la patrie’ abestiaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2019-11-11 by KulturSharea
Kaleko Urdangak taldeak Vis Vires estatubatuarrekin batera, split [...]
Xabier Etxeberria idazleak ‘Txoria nintzela’ ipuin liburua kaleratu du
Posted on 2019-11-08 by KulturSharea
Aste gutxi batzuk dira Xabier Etxeberria idazleak (Zarautz, 1974) bere [...]
‘Irteera argiak’ izenpean, Eñaut Elorrietak bere diskorik pertsonalena kaleratu du
Posted on 2019-11-08 by KulturSharea
“Irteera argiak” (Elkar) Eñaut Elorrietak azken urteotan izandako [...]
‘Aukera berriak’ izeneko diskoaren aurrerapen kantua eta bideoklipa aurkeztu du ETS taldeak
Posted on 2019-11-08 by KulturSharea
En Tol Sarmiento (ETS) taldearen bosgarren diskoa da Aukera Berriak [...]
Zea Mays taldeak azaroan plazaratuko duen lan berriaren aurrerapen kantua aurkeztu du: ‘Kea’
Posted on 2019-10-25 by KulturSharea
Zea Mays taldeak azaroaren 15ean kaleratuko du Atera izeneko disko [...]

Page 40 of 57

Zabaldu: