Laba, euskara bazterretik erdigunera eramango duen proiektua aurkeztu dute

Posted on 2021-06-11 by KulturSharea

Euskaldunen komunitatearentzako eta harengana hurbildu nahi duten guztientzako espazio bat ireki nahi dute. Horretarako, diru bilketa abiarazi dute itsulapikoa.eus plataformaren bidez.

Euskara bazterretik erdigunera eramateko asmoz jaio da Laba proiektua, Iruñean. Bi aldeko ideia dela diote sustatzaileek; “agerikoena kokapen fisikoarekin zerikusia duena da”, Iruñeko euskaldunen komunitatearentzako elkargunea izango baita. Alderdi sinbolikoa da bestea, “euskara ikusgarri eta entzungarri” egin nahi dute, erakargarria  eta eskuragarria dena. “Jauzi bat eman nahi dugu, euskararen alde egotetik euskaraz egitera, baita ari garela ohartu gabe ere. Ez dugu gure burua aldiro justifikatu beharrik, askoz sinpleagoa da: Iruñean bizi gara, eta euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizi gara. Hiriari aurrez aurre mintzatu, hiriari eman, eta hiritik hartu”, adierazi dute sustatzaileek.

Horretarako, erabilera anitzeko espazio bat eraiki nahi dute Iruñeko Gazteluko plazan, “arkupeak babestutako lokal bat, eta plazara irekitako gunea”. Euskaratik sortutako elkargune bat, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia. Baina espaziotik harago doa ideia: “izan dadila irradiazio gune, proiektu berrietarako abiapuntu, eta harremanetarako aitzakia. Bildu gaitzala, baina batez ere zabaldu. Krater bat irekitzera goaz, barreiatu dadin euskara hiri osora”.

Egitasmoaren atzean euskararekin eta euskal kulturarekin beste proiektu batzuetan parte hartu izan duen jendea dago, baina euskalgintzaren egituretatik aparte zeuden beste asko ere batu da proiektura. “Gazteak gara asko, baina beteranoak ere bagara. Ez baikara zerotik sortu, baina infinitua dugu amets”.

Proiektua finantzatzeko diru bilketa bat abiarazi dute itsulapikoa.eus plataformaren bidez, “erronka ez da makala: 30.000 euro lortu nahi ditugu, egitasmo honi lehen bultzada emateko”. Finantzaketa kolektiboaz gain, partaide aktiboak ere behar dituztela azpimarratu dute, ideiak, proposamenak, eta proiektuak, etengabe berrasmatzen den gunea izan dadin. “Izan dadin esperientzia kolektibo bat, bizipen bat, gune bat baino gehiago. Ederragoa da dena auzolanean”.

You may also like

Agustin Arrietak lau gazteren arteko elkarrizketa dakar ‘Gaueko eztabaidak’ liburuan
Posted on 2022-03-30 by KulturSharea
Hiru gautan banatu du egileak elkarrizketa hau: Lehenak zientziaz, [...]
‘Ilargiaren etorbidea’ kanta aurkeztu du Lorelei taldeak
Posted on 2022-03-23 by KulturSharea
Aurten 25 urte beteko ditu Lorelei taldearen Bada hiri gorri bat lehen [...]
Haurtzaroko sexu abusuei buruz Maddi Ane Txoperenak ‘Ez erran inori’ eleberrian
Posted on 2022-03-17 by KulturSharea
Idazleak 23. Igartza saria jaso zuen 2020ko irailean, idazle gazteei [...]
‘Martxa Baten Lehen Notak’ izango da Elkar+ekin dantzan! Ekimenaren doinua
Posted on 2022-03-16 by KulturSharea
Mikel Laboaren abestia izango da martxoaren 20an Euskal Herriko txoko [...]
‘Bretxa’ eleberriaren euskarazko bertsioa eta izen bereko ikuskizun musikala aurkeztu dituzte
Posted on 2022-03-15 by KulturSharea
Duela sei urte hasi ziren ikuskizuna lantzen. Vegaren hitzetan, [...]

Page 17 of 59

Zabaldu: