Minbiziaren diagnostikoak familia baten bizitza nola astintzen duen kontatzen du Irati Garmendiak ‘Titikornio’ lehen nobelan

Ikuspuntu ezberdinetatik eta kapitulu laburretan kontatutako istorio korala da Titikornio eleberria. Idazleak beldurra, mina, haserrea eta tristura landu ditu liburu honetan.

Irati Garmendia Aranburuk (Ordizia, 1994) Titikornio gazteentzako nobela aurkeztu du gaur Donostian, Erein argitaletxearen eskutik. Idazlearen lehen eleberriak minbiziaren diagnostikoaren aurrean familia batek bizi duen prozesua du ardatz.

Junek koskor bat nabarituko du besapean, eta diagnostikoak bere bizitza ez ezik, ingurukoena ere astinduko du. Kontxi amak, Mikel senarrak eta Markel eta Kattalin seme-alabek modu desberdinetan egingo diote aurre egoerari. Beldurra, mina, haserrea eta tristura agertuko dira kontakizunean, diagnostikoak familiako kide bakoitzarengan duen eragina azaleratuz.

Titikornio nobela korala da, kapitulu laburretan eta ikuspegi ezberdinetatik osatua. Garmendiak estilo zuzena erabiltzen du, une gogorrak zorrotz kontatzeko eta istorioari arnasa emateko uneak ere bilatuz. Hala, minbiziaren errealitateari begiratzen dion kontakizun hunkigarri eta indartsua osatu du.

Haur Hezkuntzako irakaslea da Garmendia, eta idaztea bere afizioa da. Txikitatik idatzi izan badu ere, 2017ko gertakari baten ondorioz, 2019an terapia modura idazteari ekin zion eta handik bi urtera Xomorro lapurra album ilustratua jaio zen. Ondoren, Ortuko bizitza ipuinen bilduma idatzi zuen. Titikornio da bere lehen eleberria.

Titikornio nerabeei zuzendutako lana bada ere, helduek ere irakurtzea espero du egileak.

You may also like

Metrokoadrokak eta Don Inorrez taldeak antzerkia eta musika uztartzen dituen egitasmoa aurkeztu dute
Posted on 2025-01-16 by KulturSharea
Disko batek eta zuzeneko musika eta antzerkia uztartzen dituen pieza [...]
Markos Zapiainek Txillardegik hizkuntzalaritzan egindako lana eta iritziak batu ditu
Posted on 2025-01-09 by KulturSharea
Liburua hiru zatitan banatu du egileak: Hizkuntzatasuna, euskararen [...]
Benito Lertxundiri egindako omenaldia Landako gunean
Posted on 2024-12-08 by KulturSharea
Amaiera hunkigarria izan du Durangoko Azokaren 59. edizioak. Benito [...]

Page 5 of 63

Zabaldu: