Album berriaren aurkezpenaren atarian, abeslari donostiarrak bere kanturik dantzagarriena argitaratu du. Singlea, Barbara Fernandezek zuzendutako bideoklip ikusgarri batekin dator.
Sara Azurzak bere album berriaren bigarren aurrerapena argitaratu du gaur. Diskoari izena ematen dion abestia da Hemen berriro, eta, aldi berean, ezberdina eta dantzagarriena, poparen eta elektronikaren artean mugitzen baita.
Abestia, gainera, Zea Mays eta Bulego bezalako euskal artistekin aurretik egindako lanengatik ere ezaguna den Barbara Fernandezek zuzendutako bideoklip ikusgarriarekin dator. Madrildarrak, bere taldearekin batera, bi pertsonen arteko maitasunaren lehen urrats lotsatiak eta fase honetan agertu ohi diren beldurrak transmititzea lortu du.
Album berria urtarrilaren 27an argitaratuko da eta aurkezpen kontzertua otsailaren 10ean izango da Donostiako Lugaritz Kultur Etxean.