Donostiako Tinglaua erakusketan izan gara Taun Taun Teatroaren lana gertutik ezagutzeko. Bertan, Itsaso Azkaratek objektuen antzerkiaren berezitasunak eta berrerabilpenaren balioa azaldu dizkigu, ia 40 urteko esperientziaren ikuspegitik.
Objektu arruntei bizitza berria ematea. Horixe da Taun Taun Teatroaren lanaren funtsa. Kultur Sharea Donostiako Gladys Enea parkean izan zen, taldeak antolatutako Tinglaua antzerki instalazioa gertutik ezagutzeko.
Bertan, Itsaso Azkarate Taun Tauneko kideak taldearen filosofia eta erakusketaren atzean dagoen sormen prozesua azaldu zizkigun. 1987an Bergaran sortutako taldeak ia lau hamarkada daramatza txotxongiloen, objektuen antzerkiaren eta antzerki bisualaren bidez esperimentatzen, betiere ikuslea esperientziaren erdigunean jarriz. Urte hauetan guztietan, Taun Taunek sormenaren, esperimentazioaren eta antzerkiaren lengoaia berrien aldeko apustu sendoa egin du.
Tinglauan ikusgai dauden txotxongilo guztiak kaleetan, hondartzetan, garajeetan edo trastelekuetan aurkitutako eta berrerabilitako objektuekin sortu dira. Taldearen ustez, objektu bakoitzak bere nortasuna eta bere istorioa ditu, eta manipulazioaren bidez beste bizitza bat har dezake. Horrela, egunerokoan oharkabean pasatzen diren elementuak adierazpenerako eta sormenerako tresna bihurtzen dira.
Erakusketan, bisitaria ez da ikusle hutsa: objektuak ukitu, mugitu eta haiekin sortzeko aukera du, antzerkia modu parte-hartzailean bizitzeko gonbita jasoz. Esperientziak, gainera, berrerabilpenaren balioa eta ingurunea beste begirada batekin ikustearen garrantzia azpimarratzen ditu.
Ikus-entzunezko honetan, Itsaso Azkaratek Taun Taunen unibertso berezia eta objektu arrunten atzean ezkutatzen den sormenaren magia erakutsi dizkigu.
You may also like