Urtzi Urkizuk gaur egungo streaming ekosistemaren argazki panoramikoa egin du ‘Streaming aroa’ saiakeran

Posted on 2026-03-12 by KulturSharea

Kontsumo arduratsuago, kritikoago eta kontzienteago baten aldeko aldarria egiten du kazetariak Alberdania argitaletxearekin aurkeztu duen liburuan.

Hamar urte bete dira Netflix bezalako streaming plataformak Euskal Herrian eta mundu osoan zabaldu zirenetik, eta herritar asko dira bere atzaparretan murgildu direnak. Urtzi Urkizu kazetariak gaiaren inguruan idazten du egunero Berria egunkarian eta ikus-entzunezkoen kontsumoan eta industrian izan duten eragina aztertu du Streaming aroa saiakeran.

Egileak azaldu duenez, “oinarrian kazetaritza testu bat da streaming plataformei buruzko hau. Tartean oroitzapen batzuk eta iritzi pertsonal batzuk sartu ditudan arren”.

Aritz Galarraga editorearen arabera, Lan honetan, Urkizuk “xeheki aztertzen ditu gaur egungo ikus-entzuleen egunerokoan erabat integratu diren plataformak —Netflix, Amazon Prime Video edo Disney+, besteak beste—, askotan oharkabean eta modu akritikoan kontsumitzen ditugun horiek: afalostean sofan etzan eta pantailak zer proposatuko zain egoten garen une horietan”.

Ikuspegia, ordea, ez da plataforma erraldoi estatubatuarretara mugatzen. “Liburuak nazioarteko panoramari begiratzen dio, eta streamingaren garapena aztertzen du Txinan, Errusian, Frantzian eta Espainian, baita Kataluniako eta Galiziako testuinguruetan ere. Horrez gain, kapitulu oso bat eskaintzen dio Euskal Herriko egoerari, fenomeno horrek euskararen presentzian eta etorkizunean izan dezakeen eraginari arreta berezia jarriz”, azaldu du Galarragak.

Datuak, adituen iritziak eta egilearen beraren analisia uztartuta, Urkizuk “gaur egungo streaming ekosistemaren argazki panoramiko argigarria” eskaintzen duela dio editoreak. Horretan guztian, gainera, bere ohiko estiloa ageri dela nabarmendu du: “tonu zorrotza baina hurbila, eta maiz irribarrea marrazten duen umore fina”.

Algoritmoaren menpe

Liburua ontzen zegoela, Elena Neira irakasle eta plataformetan adituak algoritmoaren ingurukoak azaldu zizkion Urkizuri: “Ohikoa da anplifikazio algoritmikoak eta gomendioen bukleak egotea. Hau da, erabiltzaileek ikusitako eduki guztiak plataformarentzat ezagutza bihurtzen dira, algoritmoa entrenatzeko. Horrek bukle bat edo atzeraelikadura eragiten du, eta algoritmoaren irteera bere sarreraren parte bilakatzen da”. Horren aurrean, irakurleei eta ikus-entzuleei liburuaren bukaeran gomendio bat egiten diet. ‘Ez zaitzala Netflixek irentsi eta zulo batean sartu’. Funtsean, ahalduntzeko ikusle moduan.

Kazetariak euskarak plataformetan duen presentzia ere aztertu du liburuan eta nabarmendu duenez, “Hego Euskal Herriko gazteek streaming plataformetan ikusten dituzten edukien %1 baino ez da euskaraz”.

Editorearentzat, beraz, “Streaming aroa ez da soilik fenomeno digital baten kronika. Liburuak ikus-entzulearentzat dei bat ere badakar: kontsumo arduratsuago, kritikoago eta kontzienteago baten aldeko aldarria, entretenimendu hutsa dirudien horren atzean dauden dinamika kultural, ekonomiko eta linguistikoak ulertzeko gonbidapena”.

You may also like

‘Enarak diote’ Nabil taldearen bideoklip berria ikusgai
Posted on 2019-02-01 by KulturSharea
Lekeitioko Nabil taldeak otsailaren 14an argitaratuko du Eter, euren [...]
Deiedratarrök taldearen ´Khantore Bakartiak´ lana osorik entzungai
Posted on 2019-01-30 by KulturSharea
Deiedratarrök taldeak ´Khantore Bakartiak´ izeneko lan berria [...]
Agus Rodriguezek Rekalde tabernako itxieraren harira
Posted on 2019-01-30 by KulturSharea
2018ko Abenduaren 30an, agur esan zioten Rekalde tabernari. Hitzaren [...]
Hodei Beltzen azpian, Ituren, Aurtitz eta Zubietako inauterietan jende andana bildu da
Posted on 2019-01-30 by KulturSharea
Hodei beltzek Iturengo zerua estali zuten joan den astelehenean, gauza [...]
´Eraso Sexistarik Ez´ abestiaren bertsio berria egin du Yogurinha Borovak
Posted on 2019-01-23 by KulturSharea
Danbayán batukadarekin sortu du  bertsio berria Yogurinha Borova [...]
Siroka taldeak ‘Talkak’ abestiaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2019-01-22 by KulturSharea
Buruz behera diskoaren bigarren singlearen bideoklipa aurkeztu du [...]
Bultz! taldeak bideoklip berria aurkeztu du
Posted on 2019-01-21 by KulturSharea
Galtzeko ezer EP-ari izena ematen dion kantuaren bideoklipa aurkeztu [...]
‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlana osorik ikusgai
Posted on 2019-01-16 by KulturSharea
Badira urte batzuk Euskal Herriko hiru lurraldetako hiru antzerki [...]
Metrokoadrokak taularatutako ‘Poza’ antzezlana osorik ikusgai
Posted on 2019-01-16 by KulturSharea
Bost lagun gela batean, zer edo zer ederra gertatzeko zain. Ordu [...]
‘Gu, Laboa’ dokumentala ikusgai
Posted on 2019-01-16 by KulturSharea
Mikel Laboa hil zenetik 10 urte bete direnean, gaur egun musikari [...]

Page 56 of 61

Zabaldu: