Xabier Mendigurenek Morlanseko hilketa ekarri du literaturara

Memoria historikoa eta euskal gatazkaren inguruko gogoeta landu ditu idazleak, fikziorik gabeko nobela honen bidez.

Xabier Mendiguren idazleak Morlans eleberria aurkeztu du gaur, 1991ko abuztuaren 17an Donostiako Morlans auzoan Guardia Zibilak hiru ETAko kide hil zituen operazioa abiapuntu hartuta. Egun hartan, Guardia Zibilak inguratu egin zuen Tolaretxe etxea, eta tiroka ekin zion bertan ezkutaturik zeuden aktibista armatuen kontra. Bateko tanketa eta metraileta, era guztietako iskiluz hornituriko armada; besteko hiru lagun, pistola bana eskuetan. Eta hala ere orduetan luzatu zen tiroketa…

Mendigurenek 2023an argitaratutako Oso latza izan da lanaren uberan idatzi du Morlans. Bi liburuak benetako gertakarietatik abiatzen dira, Euskal Herriko historia hurbilari eta euskal gatazkari begiratzen diete, eta idazleak fikziorik ez egiteko hautua egin du. Hala ere, Morlans ez da kronika, erreportajea edo salaketa-liburua. Mendigurenen hitzetan, “nobela bat da, baina fikziorik gabekoa”: literatura ariketa bat, memoria historikoa eta transmisioa lantzeko eta gertatutakoaren inguruan gogoeta egiteko ere baliatzen duena.

Horretarako, dokumentazio-lan zabala egin du idazleak. Garaiko prentsa eta kronikak kontsultatzeaz gain, gertakarien lekuko izan ziren hainbat pertsonarekin hitz egin du, baita bizirik atera zirenekin, kartzelan egondakoekin eta hildakoen senide eta lagunekin ere. Testigantza horiek dira, besteak beste, eleberria osatzeko erabili dituen iturri dokumentaletako batzuk.

Liburuak, gainera, ez du 1991ko abuztuaren 17ko goiz hura bakarrik kontatzen. Mendigurenek azaldu duenez, gertakariaren protagonisten biografiak ere jaso ditu. Egitura horren bidez, goiz hartako gertaerak eta pertsona horien bizitzak tartekatzen dira. Kapituluen artean etenak eginez, bakoitzaren ibilbideari begiratzen dio idazleak, tiroketa haren testuingurua eta bertan hil ziren pertsonen bizitzak elkarren ondoan jarriz.

Liburuan badira, halaber, gertakari zehatzetik harago doazen gogoetak. Mendigurenen esanetan, Morlansekoak galdera eta hausnarketa ugari eragin zizkion, eta horiek ere literaturaren bidez plazaratu nahi izan ditu. Horregatik, ez du gertatutakoa soilik berreraiki nahi izan; memoria nola transmititzen den eta iraganeko indarkeria nola gogoratu ere bada liburuaren abiapuntuetako bat.

You may also like

Gorka Suaiak laster argitaratuko duen diskoaren bigarren aurrerapen karta kaleratu du
Posted on 2023-10-18 by KulturSharea
Ez dut abesteko beharrik du izena kantak eta Kostako Beatsek ekoitzi [...]
Gasteizko herri mugimenduko kolektiboen urtebetetzerako kantua sortu du Micek ‘Ehundu Gasteiz’ izenpean
Posted on 2023-10-16 by KulturSharea
Hala Bedi, Gasteizko Gaztetxea, Auzolana Pilotalekua, Errekaleor [...]
Goiatz Labandibar idazle oiartzuarrak ‘Bekatua’ eleberria plazaratu du
Posted on 2023-10-10 by KulturSharea
Garazi du protagonista bakarra eleberri honek, 36 urteko neska bat da, [...]
Ane Labaka idazle eta bertsolariak ‘Barraskiloek baino bat gehiago’ eleberria kaleratu du
Posted on 2023-10-06 by KulturSharea
Nobela honetako protagonista Sara da, hamar urteko neskato bat. Bere [...]
Ahoz kontatu eta belarriz jasotako testuak bildu ditu Uxue Alberdik ‘Belarriko Kilkerrak’ liburuan
Posted on 2023-10-05 by KulturSharea
Liburuan hiru zutabe nagusi dira: ahozkotasuna, transmisioa eta [...]
Dani Martirena da ‘Kultur Zarea’ bideo bildumaren protagonista berria
Posted on 2023-10-02 by KulturSharea
Dani Martirena Indart eta Ana Ibañez Elosua legasarrek haurrendako lau [...]

Page 12 of 63

Zabaldu: