Lanak otsailaren 28ra arte bidali ahal izango dira. Bertsopaper lehiaketa honen helburua bertsoaren aldaera guztien presentzia bermatzeaz gain, plazatik harago dauden bertsolariei adierazteko parada ematea da.
Bertsularien Lagunak elkarteak Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketaren lehen edizioa abiatu du. Urteroko lehiaketa izan nahi duen honek gazteen eta helduen sailak barne izango ditu.
Hala, gazteen saila hamasei urte artekoa izango da, helduen saila, berriz, adin horretatik gorakoentzat. Elkarteak nabarmendu duenez, “bertso guztiak berriak izan beharko dira, hau da, aurretik argitaragabeak. Bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztea baitezpadakoa izango da. Testu arrunta edo pdf formatuko bi dokumentu, izengoitiz izenpeturiko Bertso sorta dokumentua eta egilearen xehetasunak dituen Xehetasunak izeneko dokumentua bidali beharko dira posta elektronikoz. Zein mailara aurkezten den ere zehaztu beharko da”.
Lehiaketa Euskal Herri osoko bertsolariei zuzenduta dago, eta bertso sortak itzultzeko epeak otsailaren 28an izango du muga. Martxoaren 20an jakinaraziko da epaia.
Bertsularien Lagunak-ek azaldu duenez, “Bertsopaper lehiaketa honen helburua bertsoaren aldaera guztien presentzia bermatzeaz gain, plazatik harago dauden bertsolariei adierazteko parada ematea da. Izan ere, tradizioz, Ipar Euskal Herrian, eta Euskal Herri osoan, oro har, bertso idatziak leku handia izan du. Tradizio hori bermatu eta hedatu nahi dugu, Aitor Sarasua bertsogintzan eta Ipar Euskal Herriko bertso irakaskuntzan eta sustapenean hain leku garrantzitsua izan duena omentzearekin batera”.
Lanak ondoko helbide elektronikora bidali beharko dira:sarasua.lehiaketa@gmail.com.
Parte hartzeko baldintzak eta sariak, hemen.