Koro Navarro, Irati Jimenez, Teresa Maldonado eta Edurne Portela dira Euskadi Literatura Sarietako gainontzeko lau sarituak

Datorren azaroaren 24an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Donostiako Tabakaleran egingo den ekitaldian.

Joan den astean eman zituzten ezagutzera Euskadi Literatura Sarietako aurreneko hiru irabazleak. Gaur, berriz, gainerako lauak ezagutzera eman dituzte: Koro Navarro, Irati Jimenez, Teresa Maldonado eta Edurne Portela

Irati Jimenezek saiakera saria irabazi du, Begiak zabalduko zaizkizue lanagatik, Edurne Portelari gaztelerazko literaturako Euskadi saria eman diote Los ojos cerrados lanagatik, Teresa Maldonadok gaztelerazko saiakerakoa eraman du, Hablemos claro saiakeragatik eta Koro Navarrok Euskarazko Literatura Itzulpena saria Ernest Hemingwayren  Fiesta Eguzkia jaikitzen da lanagatik.

Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue lanak Euskadi Literatura Saria jaso behar duela erabaki duen epaimahaian Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik parte hartu dute. Beraien iritziz Jimenezen liburuak “hipotesi ausartak proposatzen ditu eta testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten. Aipagarria da irakurleari etengabe interpelatzeko egiten duen ariketa, honengan gogoeta sorraraziz. Liburuaren tonuak literaturarekiko pasioa, maitasuna eta grina transmititzen ditu, eta estilo aldetik landua eta pertsonala da”.

Bestalde Euskarazko Literatura Itzulpenaren kategoriako epaimahaiak uste du Koro Navarroren liburuak duen balio literario handiari erantzuteko, jatorrizko testuaren indarra eta bizitasuna ez galtzeko erabaki egokiak hartu dituela, “euskarak dituen baliabide berezkoak baliatuta. Nabarmentzekoak dira elkarrizketen tonu egokia, erregistroa eta ahotsen txandakatzeak nola jaso dituen, eta bestelako pasarte narratibo eta deskriptiboen jarraipen erosoa, prosaren soiltasuna, zehaztasuna eta eraginkortasuna”. Aintzane Ibarzabalek, Idoia Gilleneak eta Idoia Santamariak osatu dute epaimahaia.

Epaimahaiarentzat Edurne Portelaren Los ojos cerrados lana “nobela korala da, non ahotsek, errealitatea ulertzeko moduek eta hizkuntzek mikrokosmos bat eraikitzen duten, non kalteak belaunaldiz belaunaldi heredatzen diren, baita isiltasunak, konplizitateak eta lotsak ere”. Epaimahaiko kideen ustetan Portelak “kontatutakoaren eta kontatu gabekoaren arteko tentsioa sortzen duen ikuspuntu joko aberasgarria ezartzen du, eta orainaren eta iraganaren arteko elkarrizketa proposatzen du, erruari eta barkamenari buruz hausnartzeko”. Txani Rodriguezek, Javier Maurak, Aixa de la Cruzek, Jesus Camarerok eta Patricia Millanek osatu dute epaimahaia.

Azkenik Gaztelaniazko saiakerako epaimahairentzat Teresa Maldonado “estilo bereziki zehatz eta argiarekin, gai konplexu eta polemiko bat modu zehatz eta errazean baina zehaztasunez heltzeko gai da, une oro jarrera neurtua eta azalpen-argitasuna erakutsiz, eztabaida hauetan ohikoa ez dena. Presarekin oso bateragarriak ez diren ekintzak irakurtzera, pentsatzera eta deliberatzera bultzatzen du”. Mikel Reparazek, Iñigo Maraurik, Maria Jesus Pandok, Ainhoa Novok eta Javier Camarrak osatu dute epaimahaia.

Sariak

Euskadi Literatura Sariak 2022 datorren azaroaren 24an banatuko dira Donostiako Tabakalera Zentroan.

Idazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Zabaldu: