(Argazkilaria: Goio Ramos)

Alaitz Melgar Agirrek irabazi du aurtengo Tene Mujika beka

Neskame eta ama bakarra izandako bere amonaren bizitza ikertuko du irakasle barakaldarrak. Urtebeteko epea izango du bere lehenengo liburua izango dena ontzeko.

Alaitz Melgar Agirre irakaslea (Barakaldo, 1984) da Tene Mujika bekaren aurtengo irabazlea, bere amama zenaren bizitza ikertu nahi duen proiektu batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Melgarrena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du sarituak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Josefa Aguirre Echeverria 1927an jaio zen Azpeitian. Etxe pobreko garaiko neska asko bezala, neskame joan zen gaztetxoa zela, Donostian etxea zuten espainiar aristokrata batzuen etxera. Horraino, aski istorio ohikoa dela dio epaimahaiak, baina historia honek “ezohiko osagarriak” ere badituela nabarmendu du: “Ingalaterrara lanera joan izana, haurdun geratzea ezkondu gabe, eta krisi mentalek psikiatrikora eramatea. Isilpean geratzen direnak argira ekarri nahi ditu haren iloba Alaitz Melgarrek, bere partikularrean balio unibertsala ere hartu nahi duen ikerlan honen bidez”.

Alaitz Melgar Agirre barakaldarra Ingeles Filologiako gradua eta Berdintasun Masterra ikasitakoa da, lanbidez irakaslea bada ere. Hauxe izango du bere lehenengo liburua.

Zabaldu: