Euskal Komikigintzari buruzko I. jardunaldiak antolatu dituzte Ugao-Miraballesek

Egitarauak erakusketa bat, hainbat tailer eta bisita gidatu bat jasotzen ditu otsailaren 3ra arte.

Euskal Komikigintzari buruzko lehen jardunaldiak antolatu ditu Ugao-Miraballesek datozen asteetarako. Egitarauak Komikia: euskal komikia 1975etik izeneko erakusketa hartuko du otsailaren 3ra arte Jane Jauregian. Proiektu honek orain arte euskal komikiaren azkenaldiko historiari buruz egindako ibilbiderik osoena proposatzen digu. Antolatzaileek azaldu dutenez, “argitaletxeak, aldizkariak eta, batez ere, egileak izango dira gure bineten munduan barrena egindako bidaia magiko honetan. Egitasmo hau Bizkaiko Foru Aldundiaren herriz herriko erakusketen Ibiltari programaren parte da.

Azken berrogei urteetan euskal komikigintzak izan duen bilakaera ezagutaraztea helburu duen erakusketaz gain, Ludotekan Zer da komiki bat? izeneko jarduera egin ahal izango da otsailaren 3ra arte.

Halaber, datozen asteetan tailerrak eta bisita gidatuak ere egingo dira: Urtarrilaren 14an, esaterako, Komiki bat egiten tailerra antolatu dute Gaztelekuan, 18:00etan. Urtarrilaren 28an, berriz, Mirabatxo Kluba: Nola egiten da komiki bat Jane Jauregian, 17:00etan. Amaitzeko, otsailaren 3an, erakusketako bisita gidatua eta familientzako tailerra Mikel Begoña eta Kike Infamerekin Jane Jauregian, 17:30ean. Beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea: 946 48 07 04 / kultura.ugao@ortzadar.es

Aurrerantzean ere Udalak komikia eta historia uztartuko dituen jardunaldiak edo ekimenak antolatzeko asmoa azaldu du..

Komikia: euskal komikia 1975etik

Erakusketa euskal komikigintzaren historiako une nagusiak ezagutzeko asmoz sortu da. “Komikiaren mundua gizartera egokitu da etengabe aldatuz eta berrituz. Bederatzigarren artearen bilakaera hori oso lotuta dago formatuekin eta publikoaren erantzunarekin. Izan ere, oso gutxitan izan du komikiak atzean sortzaileen ametsak mantentzea ahalbidetuko zuen azpiegitura bat; sortzaileek zalantzarik gabe eutsi diote militantziari. Komikiarekiko interesa gainbeheratik urrun dago, eta erakusketan erakusten den bezala, binetetan irakurtzearen plazera deskubritzen edo berraurkitzen duen publiko berri batengana hurbiltzea bilatzen du”.

Antolakuntzak azpimarratu duenez, “euskal komikiak etorkizunari baikortasunez begiratzen dio. Alde batetik, Astiberrik nazio eta nazioarte mailan erreferentea den proiektu bat hazten jarraitzen du, euskal komikigintza munduan kokatuz. Eta bestetik, Xabiroi dago, belaunaldi berri bat Euskal Herrian eta euskaraz komikia irakurriz haztea ahalbidetzeaz arduratzen dena”.

Zabaldu: