(argazkia: EHU)

Album ilustratuak euskal literaturan izan duen garapena aztertzen duen liburua aurkeztu du EHUko LAIDA taldeak

Egungo euskal albuma izeneko liburuak 2001etik 2022ra bitartean ondutako hamabi testu eta ilustrazioen analisia jasotzen du.

Euskal Herriko Unibertsitateko LAIDA ikerketa taldeak album ilustratuak euskal kulturan izan duen garapena eta egungo egoera aztertu du Euskal egungo albuma libururako eta, horretarako, besteak beste, hamabi libururen iruzkinak bildu ditu. Taldekideek diotenez, azkenengo urteotan euskal literaturan izan den berrikuntza handienetakoa izan da albumarena.

Xabier Etxaniz EHUko irakasle eta ikerlariak azaldu duenez,  “Albuma hitzez eta irudiz osatutako objektua da: bi kode (hitzezkoa eta irudizkoa) erabiltzen dira istorio bat kontatzeko eta horiek elkarren mendekoak dira, ezin dute funtzionatu era independentean”. Etxaniz, Karla Fernandez de Gamboarekin batera, argitalpen berri honen arduraduna ere bada. “Gutxi dira nazioarte mailan albumari buruzko ikerketak, are gutxiago euskaraz. Izan ere, hau da euskaraz eginiko lehenengo ikerketa sakona”, dio.

Lan honen bidez irakurlea albumen mundura hurbiltzea nahi dutela adierazi du Etxanizek. “Liburu ilustratutik albumera dagoen eboluzioa ikusi, albumen lanketan dauden faktoreen berri izan eta haur txikien artean, baina baita helduen artean ere gero eta presentzia handiagoa duen literatura mota honek dituen ezaugarriak”, aztertu dituztela gehitu du Karla Fernandez de Gamboak. Horretarako, LAIDA ikerketa taldeko kideek hamabi testuren eta irudiren azterketa egin dituzte: 2001ean argitaratutako Marraztuidazu gutun bat albumetik 2022an plazaraturiko Zarata Do Maiorren biolin eta pianorako hitzik gabeko albumera.

1960ko hamarkadan albumaren oinarriak ezarri baziren ere, esan daiteke mende honen hasierarekin batera hasi zela euskal albumaren ibilbidea. Esaterako, liburuan aurreko bizpahiru hamarkadetan egon den “iraultzaren” nondik norakoa ikusi ahal izango da, baita kanpoko lanen itzulpenak nolako eragina izan duen ere. “Azken hogei urteotan aurrerapauso handiak eman dira arlo honetan. Itzulpen lanak dira nagusi, eta eskaintza gero eta zabalagoa eta aberatsagoa da”, azpimarratu du Etxanizek.

Urte hauetan izaten ari den garapen eta berrikuntza nabarmena dela aipatu du ikerlariak, “horretan guztiz garrantzitsua izan da Etxepare saria”, Nafarroako toki-entitateek eta Pamiela argitaletxeak urtero bultzatzen duen saria. Izan ere, Etxanizen ustez, “sariak euskal sortzaileak albumak egitera bultzatu ditu”.

Zabaldu: